Gizartea
Gipuzkoa
Melgosak korridore humanitarioak sortzeko eta igarobide seguruak bermatzeko beharra berretsi du
Agentziak | EITB Media
Bestalde, Zaporeak GGKEak Lesbosen lanean jarraituko du, Kara Tepe II kanpamentuko errefuxiatuentzako eguneko 2.000 anoa baino gehiago prestatuz.
-
Euskal ordezkaritza Lesbosen. Argazkia: EFE
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak korridore humanitarioak sortzeko eta igarobide seguruak bermatzeko beharra azpimarratu du, azken egunetan Greziako Lesbos uhartera egindako bisitaren ondoren.
Melgosak parte hartu duen ordezkaritzak "giza eskubideak errespetatzea eta esparru guztietan nazioarteko akordioak betetzea" eskatu du, Gobernuak jakitera eman duenez.
Lesbosen egon den bitartean, euskal ordezkaritzak egiaztatu ahal izan du zein egoeratan dauden errefuxiatuak eta migratzaileak uhartean. Zuzeneko testigantza horrek indartu egin du "Eusko Jaurlaritzak krisi honen aurrean konponbide eraginkorragoak eta humanitarioagoak bilatzeko hartutako erabakia".
"Bisitak izan ditugu tokiko agintariekin, eta horietako bakoitzean korridore humanitarioak sortzeko eta igarobide seguruak bermatzeko beharra defendatu dugu, Migraziorako Euskal Itun Sozialean hartutako konpromisoa betez", esan du sailburuak.
Bestalde, Zaporeak GGKEak irlan lanean jarraituko du, Kara Tepe II kanpamentuko errefuxiatuentzako eta inguruko beste gizarte erakunde batzuentzako eguneko 2.000 anoa baino gehiago prestatuz.