Gizartea
Rubiales auzia
#AmaituDa: Rubiales auziaren aurreko erantzun publikoa garai aldaketa baten erakusle da
Itxaso Leon Kareaga | EITB Media
Luis Rubialesek Jenni Hermoso jokalariari baimenik gabe emandako musuaren ondoren, sare sozialak jarrera matxisten aurkako salaketa mezuez bete dira.
-
Lola Indigo abeslaria, Gironan emandako kontzertu batean. Artxiboko argazkia: EFE
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak Jenni Hermoso Espainiako selekzioko jokalariari baimenik gabe emandako musuak zeresana ematen jarraitzen du, eta sare sozialak aldarrikapen feministez eta futbolariaren aldeko mezuez bete dira larunbat honetan.
#SeAcabó ("amaitu da") traolak indarra hartu du azken orduetan, atzo Hermosoren adierazpena kaleratu zenetik, eta Trending Topic-en artean kokatu da, eguneko gai gorien artean, X sare sozialean, lehengo Twitterren.
Horren bitartez, milaka emakumek eraso matxista hori eta egunerokotasunean topatzen dituztenak salatu dituzte, Irantzu Varela kazetariak gogorarazi duenez, "denoi gertatu zaigulako".
A todos los tíos que están estupefactos con la reacción contra Rubiales: es porque a todas nos ha pasado.
— Irantzu Varela (@IrantzuVarela) August 25, 2023
Con nuestro jefe, con nuestro cliente, con nuestro profesor, con nuestro amigo, con un desconocido, contigo…#SeAcabó
Lola Indigo abeslariak bart Marbellako Starlite jaialdian emandako kontzertuaren bideoa ere oso biral bilakatu da. Horretan, emakume askok eraso matxista bat salatu ondoren jasaten dituzten zalantzan jartzeak eta sinesgarritasun falta ditu hizpide artistak.
"Nola da posible neska batek komunikatu bat ematera irten behar izatea, kamera batek gertaera bat grabatu ondoren? Nola ausartuko da gutako bat salaketa bat jartzen, frogak daudenean horrela babesten badute?", galdetzen zion abeslariak bere buruari.
Muy grande Lola Índigo, ayer por la noche, apoyando a Jenni Hermoso y a las campeonas del mundo.#SeAcabó pic.twitter.com/pIV1drDcd2
— Diego FS ¿ (@DiegoFSRB) August 26, 2023
Polemikak mugak gainditu ditu, eta nazioarteko hedabide askok eman dute gaiaren berri. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako San Diego Wave taldeko hainbat jokalarik babesa eman diote futbolari madrildarrari, "Zurekin, Jenni" zioten eskumuturrekoak jarrita.
Multiopticasek eta SEURek, RFEFen konpainia kolaboratzaileak biak, Rubialesen jokabidea gaitzetsi dute eta Kirol Kontseilu Gorenaren erabakiak babestu dituzte.
Era berean, hainbat enpresak egoera kritikatu dute eta neurriak eskatu dituzte, hala nola Iberdrolak, Iberiak eta Renfek, emakumeen futbol selekzio nazionalaren enpresa babesleek edo Victoriak, emakumezkoen selekzioaren garagardo ofizialak.
Rubialesek "feminismo faltsuari" egindako salaketen aurreko erantzun publikoak egiaztatu du, beste behin, garaiak aldatu egin direla eta, gizarte berri honetan, ez dagoela erantzunik gabeko eraso baterako lekurik.