Itxi

Gizartea

Rubiales auzia

Euskal futbolak planto egin dio Rubialesi

EITB Media

Alaves, Reala, Athletic, Eibar, Amorebieta eta Euskadiko, Arabako eta Gipuzkoako federazioak ez dira joango RFEFren batzarrera. Osasuna bai joango da, baina oso kritiko agertu da Rubialesekin.

  • Las Rozaseko Futbolaren Hiria (Madril)

    Las Rozaseko Futbolaren Hiria (Madril)

Euskadiko Futbol Federakundea (FVF-EFF) eta Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF) asanblea nagusiko kide diren euskal taldeek uko egin diote ostiral honetarako RFEF-k berak deitutako ezohiko bilerara joateari, Luis Rubiales presidenteak Jenni Hermoso jokalariari haren baimenik gabe musua eman eta gero.

Hori horrela, Athletic Club, Reala, Alaves, Eibar eta Amorebieta taldeek (boto eskubidea dute denek) publikoki iragarri dute ez direla batzarrera joango. Osasuna da salbuespena: bai joango da, baina Luis Sabalza presidentea oso kritiko agertu da Rubialesekin.

Las Rozaseko Kirolaren Hirian egingo den batzarrera ez joateko asmoaren berri ematen lehena Euskadiko Futbol Federakundea izan da. "Munduko Txapelketako finaleko garaikurren banaketan gertatutakoaren larritasuna ikusita, eta ondoren gertaeren kudeaketa ikusita, Euskadiko Futbol Federakundea ez da joango Espainiako Futbol Federazioaren batzarrera", adierazi du hedabideei bidalitako ohar batean. Are gehiago, "datozen jardunaldietan gertatzen dena ikusita, Javier Landeta presidenteak Espainiako Federazioaren Zuzendaritza Batzordean jarraituko duen ala ez erabakiko" dutela gaineratu du.

Ondoren, Gipuzkoako eta Arabako federazioek euskal federazioari babesa eman diote eta mezu bera eman dute aditzera euren oharretan.

Bizkaiko Federazioak ez du publikoki babestu Euskal Federazioaren agiria, baina bere presidentea, Iñaki Gomez Mardones (bokala da RFEF-n), ezingo da joan bilerara "arrazoi familiarrengatik".

Ondoren, Reala, Eibar, Alaves, Athletic eta Amorebieta bat etorri dira Euskal Federazioekin. Amorebietak, adibidez, argi hitz egin du: uko egin dio zitari "gai zerrendan ez dagoelako batzarra deitzea justifikatuko lukeen puntu bakarra, Luis Rubialesen dimisioa".

RFEFren asanblean Euskal Herriko ordezkari gehiago daude, eta oraingoz ez dago argi zein den horien jarrera. Hauek dira: Aintzane Gamboa eta Nestor Susaeta jokalariak; Gaizka Garitano, Julen Guerrero eta Jose Manuel Ochotorena  entrenatzaileak; eta Zierbena FS areto-futbol taldea.