Itxi

Gizartea

BILBAO

Ertzaintza aztarna anatomikoekin ari da lanean Artxandan aurkitutako gorpuaren ikerketan aurrera egiteko

EITB Media

Josu Erkorekak gaur goizean esan du "ikerketa bereziki konplexua" dela, eta eskura daukaten "material urriarekin" ari dela lanean.

  • Gorpuzkiak aurkitu ziren Artxandako lekua. Argazkia: EITB Media.

    Gorpuzkiak aurkitu ziren Artxandako lekua. Argazkia: EITB Media.

Ertzaintzaren Unitate Zientifikoak lanean jarraitzen du Bilboko Artxanda mendiko eraikin batean aurkitutako gorpuzkiak ikertzen. Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak gaur goizean aitortu du "ikerketa bereziki konplexua" dela, nahiz eta aurrera egiten ari diren "dagoen material apurrarekin".

Larrialditako zerbitzuek hainbat gorpuzkin aurkitu zituzten joan zen larunbatean, abuztuaren 19an, Artxandako eraikin abandonatu batean, duela denbora bat Miramar jatetxea zegoen lekuan. Hondakinak erretako maleta batean zeuden.

Erkorekak azaldu du Ertzaintza biktima identifikatzeko lanean ari direla, "maletan zeuden elementu fisikoen, anatomikoen" bidez. Zehazki, zenbait hatz aurkitu zituztela azaldu du eta zehaztu du "behar bezala hidratatuta, posible dela hatz-markak identifikatzeko eta biktimaren nortasuna jakiteko oinarri gisa balio izatea".

Hala ere, zehaztu nahi izan du "ez dela erraza"; gorputzak "tratu txarra" izan zuelako. Identifikazioa burutu ahal izateko "zortea" izatea espero du.

Ustezko egileei eta arrazoiei dagokionez, sailburuak adierazi du ez dagoela horri buruzko informaziorik. "Nekez espekulatu daiteke motibazioei buruz", esan du, "biktimaren eta ustezko egileen identitateak ez dakizkigunean".