Itxi

Gizartea

Beroaldia

Gueñesen EAEko mende honetako tenperaturarik altuena erregistratu da: 45,6 °C

EITB Media

Termometroek gainditu egin dituzte aurreikuspenak. EAEko lurralde osoa alarma gorripean egon da.

0:44
Beroaldia Bilbon

Gueñesek (Bizkaia) erregistratu du tenperaturarik altuena asteazkeneko muturreko beroaldian, baita XXI. mende osokoa ere Euskalmeten estazioen erregistroan. Euskal Autonomia Erkidego osoa alarma gorrian egon da hiru orduz.

Sodupe-Kadaguako estazio meteorologikoan, Gueñesen, Enkarterrietan, 45,6 gradura iritsi da termometroa 17:00ak pasata.

Merkurioa oso gertu egon da Laudion, Arabako iparraldean. Gardeako estazioan, 44,3 gradu erregistratu dira 16:30ean.

Gipuzkoako mendebaldean erregistratu da lurralde horretako maximoa. 42 gradu izan dira 16:40an, Arrasateko estazioan.

Hiriburuetako egoera ere itogarria izan da. Erregistrorik beroena Zorrotzako estazioan neurtu dute, Bilbon, Aste Nagusia ospatzen ari diren bitartean: 42,4 gradu 17:00etan. Gasteizen egoera apur bat hobea izan da: 38,7 graduko maximoa. Gipuzkoako ekialdeko kostaldean goxoago ibili dira, eta Donostiako maximoa 36,7 graduan geratu da.

Alarma gorria alerta laranja bilakatu da 18:00etatik aurrera. Egoera pixkanaka hobetzen hasi da, Bizkaiko mendebaldeko kostaldetik hasita, haizea ipar-mendebaldera aldatu ondoren, eta tenperatura behera egiten hasi da.

Alarma gorria

Hain justu, egoeraren larria kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak LABIren bilera egin du goizean (alerta fasean dago plana), eta alerta alarma gorrira igotzea ebatzi du EAE osoan muturreko tenperatura altuak espero direlako, 15:00etatik 18:00etara. Ondoren, alerta laranja egongo da aktibo. 

Aemetek, bestalde, alerta laranja ezarri du foru erkidego osoan gaurko eta biharko. Termometroak 41 ºC-ra igoko dira Erriberan, 40 ºC-ra Nafarroa erdialdean eta Bidasoko eskualdean (Nafarroako eremu atlantikoa) eta 39 ºC-ra Pirinioetan. Biharko prebisioak are altuagoak dira; izan ere, baliteke 42 ºC harrapatzea Nafarroa erdialdean (Iruñea barne) eta Erriberan, baina, orokorrean, maximoak 38-40 ºC-ren bueltan mugituko dira. 

Halaber, Meteofrancek alerta laranja ezarri du Ipar Euskal Herrian gaurko eta biharko, atzo abisu horia izan ostean. Baionan, 40 ºC inguruko maximoak espero dira, eta Maulen eta Donibane Garazin, 38 ºC-koak.

Etzitik aurrera, freskatzera

Iragarpenaren arabera, ostiralak eguraldi aldaketa ekarriko du. Tenperatura asko jaitsiko da eskualde guztietan; hala ere, Araba eta Nafarroa hegoaldean, 30 ºC inguruko maximoak espero dira. Isurialde atlantikoan, berriz, giroa freskoagoa izango da, hodeiak ugaritu egingo dira, eta zerua ia estalita egongo da eguerdirako. Eguerditik aurrera, euria egingo du isurialde atlantikoan, eta haizeak ipar-mendebaldetik joko du.