Itxi

Gizartea

Aste Nagusia

Bilboko konpartsek "poliziaren indarkeria" salatu dute eta Aburtok agenteak "errespetatzea" eskatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Horrekin batera, igande gauean zerbitzuz kanpo zegoen udaltzain batek "bortizkeriaren dimentsio berri bat" eragin zuela gaineratu dute.

  • Bilboko Konpartsakek antolatutako elkarretaratzea. Argazkia: Bilboko Konpartsak.

    Bilboko Konpartsakek antolatutako elkarretaratzea. Argazkia: Bilboko Konpartsak.

Bilboko konpartsek poliziak manteroen aurkako erabilitako indarkeria eta Udalaren jarrera salatu dute astearte honetan, lehiaketa gastronomikoan zegoen Aburto alkatearen aurrean. Horrekin batera, euskararen aldeko eta erasoen kontrako pankartak kendu egin zituztela gaineratu dute.

"Iazko Aste Nagusian gertatutako eta aurten sare sozialetan ikusi ditugun manteroenganako eraso polizialak ahaztu barik, salatu behar dugu, aurtengo Aste Nagusian, indarkeria hori jaigune osora eta konpartsakide guztiengana zabaldu dela", adierazi dute konpartsek.

Konpartsek azaldu dutenez, txupinera, pregoilaria eta Jai Batzordea Arriaga antzokira sartzekotan zirela, euren motxilak arakatu zituzten. Horren ondorioz, Jai Batzordeko bi kidek kanpoan geratu behar izan zuten.

Hurrengo egunean, igandean, Udalak jaiegunean kokatutako manteroen eta euskararen aldeko eta erasoen kontrako pankartak kendu egin zituela salatu dute. Horrenbestez, eraso larritzat deskribatu dute konpartsakideek geratutakoa: "Gertaera hori Bilboko eragile sozialen adierazpen askatasunaren kontrako eraso larritzat jo behar dugu (…) Jokabide horiek argi azaltzen dute udalaren ildotik kanpo dauden espazioak ez dituztela onartzen".

Horrekin batera, gauean udaltzainen "bortizkeriaren dimentsio berri bat" pairatu behar izan zutela azaldu dute konpartsek. Antza denez, federazioaren parte den Kranba txosnaren alde batean bi pertsona mozkor pixa egin ari zirela, konpartsakide batzuk gerturatu zitzaizkien txosnaren esparrua errespeta zezaten eskatzeko. Eskaera horren aurrean, pertsonak oldartu eta konpartsakideei eraso egin zietela azaldu dute.

Erasotutako konpartsakideek adierazi dutenez, mehatxuak ere jasan zituzten: "Uniformea jantzita ezinezkoa egingo dizut bizitza, eta, uniformerik gabe, hilko zaitut". Momentu horretan, mehatxugileetako batek zerbitzuz kanpoko poliziatzat bere burua identifikatu zuela eta 30 bat udaltzainek konpartsakideak kolpeen artean inguratu zituztela gaineratu du Bilboko Konpartsakek.

Azkenik, ekintza horiek guztiak ezin direla modu isolatuan ulertu azaldu du Bilboko Konpartsakek: "Ekintzen jarrera ohiko batetik urrun, jazarpen horien atzean, jai eredu herrikoi, parte-hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurkako estrategia politiko zehatz bat ezkutatzen da".

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak kritika "gogorrena" egin dio txosnen esparruan "Polizia iraindu dezakeen" edozein mezuri. Ildo horretan, azaldu du konpartsei jakinarazi ziela "ahal den agente guztiak" egongo direla.

Aburtok adierazi duenez, "batzuek nahi ez badute ere", Aste Nagusian polizia gehiago egotea "Bilboko gizartearen eskaria da", eta, horregatik, agente guztientzat "errespetua" eskatu du, "zerbitzu publiko bat" egiten dutelako.