Itxi

Gizartea

JAIEN BALANTZEA

1.250.000 pertsona hurbildu dira Donostiako Aste Nagusira eta su artifizialak izan dira, berriz ere, izarrak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

650.000 lagunek ikusi dituzte su artifizialak aste osoan zehar eta 66.000 pertsona joan dira Sagueseko kontzertuetara: 15.000 Dani Ocean ikustera, 12.000 ETS-ra eta 10.000 El Drogasera.

  • Jon Insausti eta Eneko Goia gaur goizean, Aste Nagusiko kartelen atzean. Argazkia: EITB Media

    Jon Insausti eta Eneko Goia gaur goizean, Aste Nagusiko kartelen atzean. Argazkia: EITB Media

Aurtengo Donostiako Aste Nagusia "borobila" izan dela adierazi du Eneko Goia alkatea, "giro ederra" izan dela, "normaltasunez" garatu dela eta 1.250.000 partehartzaile izan direla 300 ekitalditan.

Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziarekin batera emandako prentsaurrekoan, pozik agertu da Goia eta eskerrak eman dizkie ekitaldien antolakuntzan aritu diren 1.300 pertsonei ere.

Su artifizialen lehiaketa izan da ikusle gehien erakarri dituena, beste behin: 650.000 lagun aste osoan.

Musikari dagokionez, 66.000 lagun hurbildu dira Sagueseko kontzertuetara. Dani Oceanena izan da arrakastatsuena (15.000 entzule),  En todo el Sarmiento (ETS) ondoren (12.000) eta El Drogasena hirugarren (10.000 lagun).

Gainera, 1000 lagun inguru pasa dira Kursaaleko Disko Festatik eta oso jendetsuak izan dira hasierako kanoikada eta piraten abordajea ere.

Goiak nabarmendu duenez, aurtengoa bezain ondo joatea gustatuko litzaioke datorren urteko jaiak ere, abuztuaren 10etik 17ra.

Garraio publikoaren gorakada ere aipatu du, iaz baino %25 gehiago erabili baita, pandemia aurreko datuak gaindituz.

Alde negatibotik, 75 atxiloketa izan dira, lapurrreta eta droga trafikoarekin lotuta, batez ere, eta oraingoz ez dagoela sexu eraso salaketarik ere gehitu du.

Insaustik, bere aldetik, Aste Nagusia inklusiboagoa, partehartzaileagoa, autentikoagoa eta berritzaileagoa izan dela esan du, kultur arloari ekarpen handia egin diola eta aukera eder bat izan dela hiriarentzat.