Itxi

Gizartea

BIZIKLETA

Txirrindularien bide segurtasuna hobetzeko mahaia sortzea eskatu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak proposatu du txirrindulariek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuko luketen lantalde bat eratzea. Horren esanetan, ez dago bide segurtasunari buruzko interlokuziorik bizikleta zaleen eta agintarien artean.

  • Frantziako Tourrean parte hartu duen txirrindulari talde bat

    Frantziako Tourrean parte hartu duen txirrindulari talde bat. Artxiboko argazkia: EFE

Manu Gomez Arredondo Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak txirrindularien bide segurtasuna hobetzeko mahaia sortzeko eskatu du, "ez baitago bide segurtasunari buruzko interlokuziorik bizikletazaleen eta agintarien artean". Lantalde hori txirrindulariek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzea nahiko luke.

Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan azaldu duenez, "oso komenigarria" litzateke eztabaidagune hori sortzea, "askotan hobeto egin daitezkeen azpiegiturak" eraikitzen baitira. Hori dela eta, bizikleta erabiltzaileen ikuspuntua kontuan hartzeko eskatu die bide arduradunei.

Udan Bizkaiko eta Gipuzkoako kostako errepideak saihestea gomendatu die txirrindulariei. "Bermeon, Zarautzen eta Getarian, esaterako, ez dago bazterbiderik, ibilgailuen joan-etorria handia da eta txirrindulari andana dago", gaineratu du.

Txirrindulariek saihestu beharreko beste hainbat errepide ere aipatu ditu: N-1 errepidea, Gipuzkoan, eta Gasteiztik Nafarroara doazen errepideak. Aitzitik, nabarmendu du Arabako errepideak egokiak direla bizikletan ibiltzeko.

Bizkaiari dagokionez, Kadaguako igarobideak txirrindularien panorama aldatu duela uste du, Bilbotik Enkarterrira bizikletaz joan nahi dutenek oso errepide "lasaia" dutelako orain, horren esanetan.

Bigarren mailako errepideak "lasaiagoak" direla azaldu du, baina txirrindulariak beti "bide zaharragoen bila" ari direla, "seguruenak ez izan arren".