Itxi

Gizartea

BEROALDIA

Hurrengo orduetan sartuko den enbata batek kolpera jaitsiko ditu tenperaturak

EITB MEDIA

Halaber, sargoriaren ondorioz, oso litekeena da arratsaldearen amaieran bero-hodeiak sortzea eta ekaitzak lehertzea, lehenengo barnealdean eta gero kostaldean.

  • Kontxako hondartza, gaur goizean.

    Kontxako hondartza, gaur goizean. Argazkia: EFE

Ordu gutxi geratzen zaizkio beroaldiari. Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren iragarpenaren arabera, 20:00ak aldera enbata sartuko da kostaldetik eta kolpera jaitsiko dira tenperaturak EAE ia osoan. Haizea nabarmen zakartuko da eta ufadek 60-80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Kostaldeko tenperaturak 5-10 ºC jaitsiko dira ordubete eskaseko tartean. Halaber, sargoriaren ondorioz, oso litekeena da arratsaldearen amaieran bero-hodeiak sortzea eta ekaitzak lehertzea, lehenengo barnealdean eta gero kostaldean. Ordubetean, 15 litro pila daitezke metro koadroko, eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan litezke. Txingorra ere egin lezake. Hori dela eta, 26-27 graduren bueltan mugituko dira maximoak kostaldean, eta 30-33 ºC-koak izango dira barnealdean.

Bero sapak "ez du asko iraungo, baina XXI. mendeko bost erregistro altuenetako bat neur daiteke gaur, bereziki barnealdean". Hitzokin laburbildu du Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak gaurko beroaldia. Hala, Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta laranja alarma gorrira igotzea erabaki du Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta fasearen baitan. Hiru orduz egongo da indarrean, 15:00etatik 18:00etara. 

Alarmarekin batera, beroagatik alerta laranja dago indarrean kostaldean (12:00etatik gauerdira) eta barnealdean (12:00-15:00 eta 18:00-00:00 tarteetan), eta beste hiru abisu hori ezarri dituzte: baso-sute arriskuagatik (12:00etatik 00:00etara), enbatagatik kostaldean (20:00-00:00) eta prezipitazio handiagatik lurralde osoan (20:00-00:00). 

Kostaldean, 34 ºC ingurukoak izango dira maximoak, eta 40 ºC ingurukoak Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean eta Araban. Esan bezala, arratsaldean 40 graduko langa gaindituko dute barnealdeko zenbait puntutan. 

Egunaren azken orduko ekaitzei esker, haizearen norabidea aldatu eta tenperaturek behera egingo dute, eta balio "normalagoak" izango dira, Ituartek Bilbon, Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin duen agerraldian esan duenez.

Dena dela, gaueko tenperaturak oso epelak izango dira, 30 ºC ingurukoak Araban, Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoaren hitzetan. Kostaldean, 22-27 ºC ingurukoak izango dira minimoak, eta Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean, 24-28 ºC-koak. Adituaren esanetan, goi geruzetan kokatutako aire-masa beroari hego-haizea batu zaio gaur, eta horrek eragin du muturreko bero hori.