Itxi

Gizartea

MUGA PASABIDEAK

Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia irekitzeko eskatu die Arartekoak Frantziako agintariei

AGENTZIAK | EITB MEDIA

2021eko urtarrilaren 14tik itxita dago oinezkoen zubia, baina salbuespen gisa aurtengo uztailaren 3an ireki egin zuten Frantziako Tourraren harira. Ondoren, berriro itxi zuten.

  • Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia

    Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia. Artxiboko argazkia: EITB MEDIA

Arartekoa Frantziako herri defendatzailearekin eta Europako herri defendatzailearekin harremanetan jarri da, Frantziako agintariei eska diezaioten Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubia berriro irekitzeko.

Irun eta Hendaia arteko Avenida zubia 2021eko urtarrilaren 14tik itxita dago, eta, geroztik, aurtengo uztailaren 3an bakarrik ireki dute, salbuespen gisa, Frantziako Tourra ingurune horretatik igarotzen zelako.

Arartekoaren iritzian, zubia ixteak "ondorio larriak" ditu mugako udalerrietan bizi diren herritarrentzat, eta Espainiako herri defendatzailearekin ere jarri da harremanetan.

Frantziaren eskubideen defendatzaileari bidali dion gutunean, Arartekoak laguntza eskatu dio agintari frantziarren aurrean.

Bestalde, Arartekoak auziaren berri eman dio Europako herri defendatzaileari, eta salakera tramitera onartu duela jakinarazi dio azken horrek.

Gauzak horrela, Arartekoa Europako Batzordeak eta Europako herri defendatzaileak har dezaketen erabakiaren zain gelditu da.