Gizartea
Gasteizko jaiak
Zeledonen igoerarekin bukatuko dituzte Andre Maria Zuriaren jaiak
M. D. | EITB Media
Zalduondoko baserritarra San Migel dorrera itzuliko da gauerdiaren ondoren, baina aurretik Gasteizek jaien azken txanpari ekingo dio.
-
Zeledon, jaitsieran. Argazkia: EFE
Zeledonek orain dela bost egun egindako bidea hartuko du, baina alderantziz, eta San Migel dorrera igoko da, Andre Maria Zuriaren jaietako azken egun luzearen ondoren, Gasteizen. Zalduondoko baserritarraren igoera 01:00erako dago programatuta, eta minutu batzuk lehenagotik zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en.
Ondoren, ohi denez, blusa eta neska erorien igoera, kandelen prozesioa eta dolu-prozesioa etorriko dira, eta gasteiztarrak zain geratuko dira, 361 egun barru (2024a bisurtea izango baita) Zeledon berriro San Migel dorretik jaisten ikusteko.
Aurretik, Gasteizek jaietako azken egunaz gozatuko du. Ez dira faltako konpartsak, blusen eta nesken kalejirak eta guztientzako kontzertuak.
Eguna luzea izango da, eta baita goizaldea ere, ostegunera arte. Iluntzearekin batera, gasteiztarrek aukera izango dute txosnetan STR, Toc, Hofe x 4:40, Albany eta LaMia Mari ikusteko, Probintzia plazan Raffaella Carraren tributu batez gozatzeko, eta Plaza Berrian Krypton ikusteko.