Itxi

Gizartea

GERTAKARIA

39 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart Aretxabaletan, suzko arma batekin bi pertsona zauritzeagatik

EITB MEDIA

Ezkutu tabernaren kanpoaldean gertatu da erasoa, eta zauritutako bi pertsonak Gasteizko ospitale batera eta Debagoieneko ospitalera eraman dituzte. Ustezko erasotzailea Aretxabaletako bizilaguna da, eta Udalak oharra kaleratu du kezka agertzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.

01:46

39 urteko gizonezko bat atxilotu dute, bart, Aretxabaletan, suzko arma batekin bi pertsona zauritzeagatik. Hilketa saiakera eta armak legez kanpo izatea delituak leporatzen dizkiote. Ezkutu tabernan izan da erasoa, 06:00ak inguruan. Garikoitz Iturbe alkateak Radio Euskadin eta Euskadi Irratian baieztatu duenez, tiroz egindako erasoa izan da.

Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, tabernaren atarian izan da tiroketa. Handik gutxira, bere etxebizitzan atxilotu dute ustezko erasotzailea, 39 urteko Aretxabaletako bizilaguna.

Bi zaurituak erietxera eraman dituzte. Itxuraz, zauritu larriena, 46 urteko arrasatearra, Gasteizko ospitale batera eraman dute. Edonola ere, ez omen dago hil ala biziko egoeran.

Bigarren zauritua, ostera, Debagoieneko ospitalera eraman dute.

Aretxabaletako Udalak, bere aldetik, oharra kaleratu du, gertatutakoa salatu eta biktimei eta horien familiei elkartasuna adierazteko. Halaber, "kezka" adierazi du eta "argi" utzi nahi izan du ez dituztela herrian "horrelako gertakari edo jarrerak onartuko".

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.