Gizartea
Istripua
67 urteko mendizale debar bat hil da Panticosan
EITB Media
Ostegun arratsaldetik desagertuta zegoen. Lagunekin ibilaldi bat egitera irten zen, baina taldetik urrundu zen. Hildakoa, Joxan Larrañaga, oso ezaguna zen hainbat herritan; izan ere, Debakoa izan arren, apaiza zen, eta Oñatin eta Villabonan parrokoa izan zen urte askoan.
67 urteko mendizale debar bat hilda aurkitu du Guardia Zibilak gaur Panticosatik gertu, Huescako Pirinioetan. Mendizalea ostegun arratsaldean desagertu zen. ETBk jakin ahal izan duenez, hildakoa, Joxan Larrañaga, oso ezaguna zen hainbat herritan; izan ere, Debakoa izan arren, apaiza zen, eta Oñatin eta Villabonan parrokoa izan zen urte askoan.
Guardia Zibileko iturriek eitb.eus-i adierazi diotenez, ostegunean bi lagunekin irten zen mendizalea txango bat egiteko asmoz Ripera ingurura. Une jakin batean, taldetik urrundu egin zen eta lagunek ezin izan zuten aurkitu. Beraz, Huescako Guardia Zibilaren Zentralean eman zuten abisua.
Mendiko Erreskate Taldea ingurura gerturatu zen eta bilaketari ekin zion aurkikuntza lanetan esperientzia daukaten txakurren eta Huescako Aireko Unitatearen laguntzarekin.
Goizaldeko 03:00ak aldera bilaketa lanak eten behar izan dituzte eta eguna argitu ondoren hasi dituzte berriz ere. Mendizalearen gorpua 11:15ak aldera aurkitu dute Pico Faceras inguruko amildegi baten sakonean. Panticosako heliportura eraman dute, bertan ehorztetxeko zerbitzuak kargu egin zitezen.