Itxi

Gizartea

Nafarroa

Ama bat 3, 5 eta 9 urteko hiru seme-alabak hiltzen saiatu da Fiteron

Agentziak | EITB Media

Adingabeak zauritu ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan dituzte, Iruñera. Hiru urteko haur txikiena oso larri dago. Ikerketako iturriek adierazi dutenez, amak pozoi bat hartu du bere buruaz beste egiteko.

02:52

Ama bat ustez 3, 5 eta 9 urteko hiru seme-alabak hiltzen saiatu da Fiteron (Nafarroa), Guardia Zibilak jakitera eman duenez. Adingabeak zauritu ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan dituzte, Iruñera.

Gertakariak gaur jazo dira, 12:00ak aldera, Fiteron. Guardia Zibilak herriko etxebizitza batean gertatzen ari zenaren berri izan du, eta patruilak 3, 5 eta 9 urteko hiru haur aurkitu ditu zaurituta etxean. Hiru urteko haur txikiena oso larri dago ZIUn, intubatuta.

Antza denez, 5 eta 9 urteko bi seme nagusiak kalera atera dira laguntza eske, horietako batek ahoan hantura zuela, eta bizilagunek Guardia Zibilari deitu diote. Agenteak bi haurrekin batera sartu dira etxean, eta hiru urteko ama eta 3 urteko semea aurkitu dituzte.

Dirudienez, ama bere buruaz beste egiten saiatu da. Tuterako ospitalera eraman dute, eta atxilotuta dago. Ikerketako iturriek adierazi dutenez, amak pozoi bat hartu du bere buruaz beste egiteko.

Miguel Aguirre Fiteroko alkateak azaldu duenez, herria "atsekabetuta, erabat harrituta eta kezkatuta" dago gertatutakoaren berri izan ostean. Miguel Aguirrek adierazi duenez, "2.000 biztanleko herri batean ez duzu inoiz pentsatzen horrelakorik gertatuko denik, baina gertatu da eta gorputza izoztuta daukagu".

"Hasieran dena nahasmena zen, baina gertatutakoa argituz joan da, eta, ustez, ama seme-alabak hiltzen saiatuko zen edariren bat emanda, eta ustez arma zuriz egindako zauriren bat ere badute", erantsi du alkateak.

Alkateak jakitera eman duenez, Iruñeko ospitalera zihoan aitarekin hitz egin ahal izan du, eta haren esanetara jarri da, behar zuenerako. Magrebtar jatorriko familia da.

Aguirrek erantsi du Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariaren deia jaso duela, eta horregatik eskerrak eman dizkio. "Etengabeko harremanean egongo gara", esan du.

Gainera, alkateak iragarri du udal gobernua eta udalbatza bilduko direla gertatutakoari aurre egiteko eta adierazpen bat onartzeko.