Gizartea
Hezkuntza
Lanbide Heziketa berriaren ezaugarriak: malguagoa izango da eta nahieran ikasteko aukera emango du
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen dekretuak iraupen laburreko formazioak egiteko aukera emango du eta horiek pilatu ahal izango dira zertifikatu bat eskuratzeko. 24-25 ikasturtean egongo dira indarrean, baina EAEko ikastetxe batzuk proba pilotuak hasiko dituzte irailean.
-
Lanbide Heziketaren berrikuntzak. Argazkia: EITB Media
Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen dekretuak Lanbide Heziketaren eskaintza malgutzeko aukera emango die ikasketa zentroei. Sistema berri honek ekarriko dituen berrikuntza nagusiak bi dira: iraupen laburreko formazioak egiteko aukera emango da eta formazio horietan urteko edozein unetan matrikulatzeko aukera irekiko da.
Gaur onartutako dekretuak, hein handi batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketak dagoeneko badituen neurriak hartzen ditu, ikasketa duala martxan jartzea, adibidez. Halaber, berrikuntza batzuk ere ekarriko ditu gure sistemara.
Alde batetik, orain arte eskaintzen ziren bi urteko heziketa-zikloez gainera, orain ikasketa motzagoak edo heziketa-ziklo horien zati batzuk soilik ikasteko aukera emango zaie interesatuei; alegia, mikroformazioak (iraupen laburreko formazioak, 50 ordutakoak, adibidez) egin ahal izango dira. Nahi duenak, gainera, formazio motz horiek pilatu ahal izango ditu eta ikasketa-familia ezberdinetako ikasketak aukeratu ahal izango ditu, berak nahi duen gaian espezializatu ahal izateko.
Sistema berri honen helburuetako bat da lan merkatuan urteetan dabiltzan langileek formazioa jasotzeko aukera izan dezatela. Orain arte, modulu batzuk egin ahal izateko DBHko edo batxilergo titulua izatea eskatzen zitzaien eta horrek ateak ixten zizkion pertsona askori. Aurrerantzean formazio motzak egin ahal izango dituzte eta, ondoren, ziurtagiri bat izatera iritsi ahal izango dute eurek nahi duten alor horretan.
Bestetik, aurrerantzean urteko edozein unetan matrikula egin eta formazio horietan hasteko aukera emango dute ikastetxeek. Horrela, lana eta ikasketak uztartu nahi dutenei aukerak zabalduko zaizkie.
Honekin guztiarekin, ikasten jarraitu nahi duenak nahieran, bere egoeraren arabera, antolatu ahal izango du bere formazio plana.
2022ko martxoan onartu eta gaurko dekretuak garatu duen Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko Legeak bost mailatan egituratu zuen Lanbide Heziketa berria. Atik Erainoko mailak ezarri zituen, mikroformazioetatik espezializazio handieneraino. Ikasitako mailaren arabera, akreditazioak, ziurtagiriak edo titulazioak eskuratzen joan daiteke ikaslea.
Lanbide Heziketaren mailak. Argazkia: EITB Media.
EAEko Lanbide Heziketara aldaketak ekarriko dituzten neurri hauek 24/25 ikasturtean indarrean egon beharko dute. Hala ere, Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketako zuzendari Nicolas Sagarzazuk Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan esan duenez, EAEko ikastetxeetako batzuek proba pilotuak egingo dituzte datorren irailetik aurrera.