Itxi

Gizartea

Nafarroa

Foru Gobernuaren zaintzapean zeuden hiru adingabe prostituitzera behartu zituen sare bat epaituko dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Inputatuak bost dira: sarearen arduradun bi eta, adin txikikoak zirela jakinda, haiekin sexu-harremanak izan zituzten hiru gizonezko. Adingabeen ustelkeria, sexu-abusuak eta osasun publikoaren aurkako delitua egotzi dizkiete.

  • Nafarroako Justizia Jauregiaren irudia. Argazkia: EITB MEDIA

    Nafarroako Justizia Jauregiaren irudia. Argazkia: EITB MEDIA

Nafarroako Gobernuaren zaintzapean zeuden hiru adingabe prostituitzeagatik, sexu-abusuak egiteagatik eta osasun publikoaren beste delitu batengatik bost lagun epaituko dituzte, gaur hasi eta datorren uztailaren 28ra arte Nafarroako Probintzia Auzitegian. Ateak itxita egingo dituzte saioak, eta sarearen bi arduradun eta hiru prostituzio-bezero dira inputatuak.

Fiskalak 61 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatu batentzako, eta 33 urte bestearentzako. Sarearen hirugarren arduradun bat hil egin zenez, epaiketatik kanpo geratu da. Gazteak adin txikikoak zirela jakinda, haiekin sexu-harremanak izan zituzten hiru gizonezkoentzako 8 eta 15 urte bitarteko kartzela-zigorra eskatu dute.

Fiskalak azaldu duenez, Nafarroako Foru Gobernuaren zaintzapean zeuden hiru adingabeek maiz egiten zuten ihes bizi ziren egoitzatik, eta akusatu nagusiaren etxean geratzen ziren. Horrek, trukean, sexu-harremanak izatea eskatzen zien.

2021eko irailean, akusatu nagusiak bi lagun eraman zituen (bata, hildako inputatua, eta beste inputatuta, emakumezkoa hori), eta horiek, neskak adin txikikoak zirela jakinda, bideo-dei erotikoak egitea eta bezeroekin sexu-harremanak izatea proposatu zien adingabeei.

Fiskalaren arabera, "hiru akusatuek bazekiten adingabeek egoera ahulean zeudela, bai eta ihes eginda zeudela ere", eta horretaz jakitun izanda ere "drogak ematen zizkieten", haxixa, kokaina eta speeda, sexu-harremanen truke, eta "nesken borondatea menderatzeko".