Itxi

Gizartea

Ekaitz bortitza

Hainbat lagun zauritu ditu Gasteizen ostegun arratsaldean bota duen txingorrak

Agentziak | EITB Media

Osteguneko 20:15 aldera, fronte batek hiria zeharkatu du iparraldetik hegoaldera, eta golf pilota baten tamainako harriak bota ditu. Txingorrak kalteak eragin ditu, halaber, hiri-altzarietan, zuhaitzetan eta ibilgailuetan.

0:00
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza

Ostegun arratsaldean Gasteizen botatako txingor zaparradaren eraginez hainbat lagun zauritu dira eta kalte ugari eragin ditu kalteak ergain ditu hiri-altzarietan, zuhaitzetan eta ibilgailuetan.

20:15 aldera, fronte batek hiria zeharkatu zuen iparraldetik hegoaldera, eta txingor asko bota du, golf pilota baten tamainako izotz bolekin.

Garajeetan, zubipeetan eta lurpeko aparkalekuetan gorde behar izan zuten gasteiztarrek, oinezko eta gidariak ustekabean harrapatu baitzituen txingorkadak. Kalean harrapatu zituen auto askori kristalak hautsi zitzaizkien eta mailatu ugari eragin ditu harriak. 

Ordu laurden iraun zuen, ez gehiago, baina nahikoa izan zen, hainbat kale urpean geratzeko, zuhaitzen adarrek eta hostoek hustubideak oztopatu zituztelako, eta horrek zailtasunak eragin zituen trafikoan. Semaforo asko matxuratu ziren, gainera. EAEko hiriburuak 2009ko uztailaren 1etik ez du horrelako ekaitzik bizi.

Alde Zaharrean gertatu ziren kalte material handienak, Zapatari, Aiztogile eta Hedagile kaleetan miradore askotako kristalak hautsi eta kalera erori ziren. Hiri osoko eraikin askotan eragin ditu hausturak eta ura sartu da haietan.  

Txingor-jasak industrialdeetan ere izan zuen eragina, Mercedesek, esaterako, ekoizpenaren zati bat eten behar izan zuen.

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udalean Hiri Segurtasuneko zinegotziak Euskadi Irratian esan duenez, "atzokoa itzela izan zen", eta azpimarratu du berak halakorik ez zuela inoiz ikusi, "ez Gasteizen, ez inon". 

Azaldu duenez, suhiltzaileak eta Polizia guztiak jarri zituzten lanean eta luze jo du gauak. Egun batzuk beharko dira oraindik dena normaltasunera itzularazteko, izan ere, Gurtubairen hitzetan,  "Gasteizen dauden 45.000 estoldak kolapsatu egin ziren, denak, eta banan bana garbitu beharko dira"

Kalteak zenbatu eta horiek konpontzeko bideei dagokionez, azaldu du norbanakoek bakoitzak bere aseguru etxearekin konpontzea dela biderik egokiena, Udala informazioa emateko eta laguntzeko prest dagoela gaineratuta. Bestalde, azaldu du udal eraikinetan ere kalte nabariak izan direla eta horiek zenbatu eta konpontzen emango dituztela datozen ordu eta egunak. 


Aldundia kalteak aztertzen

Arabako Aldundiko Jasangarritasuna, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen saileko teknikariak lehen ordutik ari dira prezipitazioek laboreetan, bideetan eta nekazaritza-azpiegituretan eragindako ondorioak aztertzen. Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak 12:30ean bisitatuko du Jungituko herria, kaltetutako hainbat nekazarirekin biltzeko. 

Ohar baten bidez, Foru Aldundiak jakinarazi du, lehen azterketa batean, Gasteizen eta kontzejuetan izandako eraginak identifikatu dituela, baita "neurri handiagoan edo txikiagoan" Arabako Lautadako, Arabako Mendialdeko eta Añanako hainbat tokitan izandako eraginak ere. 

Egoeraren inguruko lehen azterketa egin ondoren, ekaitzak ez du kalte aipagarririk eragin Foru Errepide Sarean. Hala ere, Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren saila azterketa sakonagoa egiten ari da gaur goizean, batez ere A1 eta Bastida inguruko zenbait errepidetan ur-putzuak sortu ondoren.

Ildo horretan nabarmendu du Arabako Foru Suhiltzaileek Arabako Errioxan izan zutela jarduera nagusia. Han, hainbat lokaletan ura xukatu behar izan zuten, eta kutxatiletan jardun. Gainera, Kanpezuko UCEISek Cabredora joan behar izan zuen, tximista batek zuhaitz baten kontra jo zuelako.

26,7 litro metro koadroko ordubetean

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakitera eman duenez, metro karratuko 26,7 litro bota ditu ordubetean Arkautiko estazio meteorologikoan, Gasteizen.

Gainera, 26,6 litro/m2 jaso dira Barrundiako (Araba) Ozaetako estazioan, 19,2 litro/m2 Asparrenako (Araba) Ilarduiako estazioan eta 15,3 litro/m2 Eturako estazioan, Barrundian ere, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ostiralean abisu horia ezarriko da tenperatura oso altuen arriskuagatik, 13:00etatik 18:00etara. Tenperatura maximoak 33 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean, 34 gradu ingurukoak barnealde kantauriarrean, 31 gradukoak trantsizio-eremuan eta 32 gradukoak Ebro inguruan.