Itxi

Gizartea

Ekaitz bortitza

Gasteizen txingorrak kalteak eragin ditu hiri-altzarietan, zuhaitzetan eta ibilgailuetan

Agentziak | EITB Media

20:15 aldera, fronte batek hiria zeharkatu du iparraldetik hegoaldera, eta golf pilota baten tamainako harriak bota ditu.

Vitoria-Gasteiz

Txingor zaparrada handi batek kalte materialak eragin ditu gaur arratsaldean Gasteizen, hiri-altzarietan, zuhaitzetan eta ibilgailuetan.

20:15 aldera, fronte batek hiria zeharkatu du iparraldetik hegoaldera, eta golf pilota baten harriak bota ditu.

Garajeak, zubiak eta lurpeko aparkalekuak aukeratu dituzte gasteiztarrek babesleku bezala, ibilgailuetan ustekabean harrapatu eta leku horietan aterpe hartzea erabaki baitute.

Hainbat kale urpean geratu dira, zuhaitzen adarrek eta hostoek hustubideak oztopatu dituztelako, eta horrek zailtasunak eragin ditu trafikoan. EAEko hiriburuak 2009ko uztailaren 1etik ez du horrelako ekaitzik bizi.

26,7 litro metro koadroko ordubetean

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakitera eman duenez, metro karratuko 26,7 litro bota ditu ordubetean Arkautiko estazio meteorologikoan, Gasteizen.

Gainera, 26,6 litro/m2 jaso dira Barrundiako (Araba) Ozaetako estazioan, 19,2 litro/m2 Asparrenako (Araba) Ilarduiako estazioan eta 15,3 litro/m2 Eturako estazioan, Barrundian ere, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ostiralean abisu horia ezarriko da tenperatura oso altuen arriskuagatik, 13:00etatik 18:00etara. Tenperatura maximoak 33 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean, 34 gradu ingurukoak barnealde kantauriarrean, 31 gradukoak trantsizio-eremuan eta 32 gradukoak Ebro inguruan.