Gizartea
Garraio publikoa
Bilbo-Iruñea autobus lineako txartela % 44 merkeago izango da gaurtik aurrera
EITB Media
BAT, Barik eta Mugi txartelekin ordaintzen dutenek are gutxiago pagatuko dute (7,24 euro, 16 euro beharrean). Maiztasun gehiago jarriko dituzte, eta bidaia laburragoa izango da.
Bilbo eta Iruñea lotzen dituen autobus linearen txartela % 44 merkeago izango da gaurtik aurrera: orain arte 16,05 euro kostatzen zen, baina aurrerantzean 9,05 ordainduko dute erabiltzaileek. Are gehiago, BAT, Barik eta Mugi txartelarekin pagatzen dutenei merkeago aterako zaie (7,24 euro). Horrez gain, maiztasun gehiago izango ditu lineak: hiruna bidaia gehiago aste barruan eta igande eta jaiegunetan, eta bat larunbatean.
Arabako Foru Aldundiak zerbitzuaren lizitazioa Cuadra Bus enpresari esleitzea ebatzi zuen (otsailean izan zen lizitazioa), eta horrek ekarri du merkatzea. Dena dela, sanferminen atarian jarri da martxan linea berria, autobus enpresak azaldu duenez.
Bidaia denbora laburragoan egingo du autobusak, Altsasuko (Nafarroa) geltokiari eutsita. Gainera, zazpi autobus berri jarri dituzte, "erosoagoak, motor eraginkor dituztenak eta ingurumena gehiago errespetatzen dutenak".