Itxi

Gizartea

Ministroen Kontseilua

Talidomidaren biktimentzako diru-laguntzak arautzen dituen dekretua onartu du Espainiako Gobernuak

Agentziak | EITB Media

Diru-laguntza ordainketa bakarrean jasoko da, desgaitasun-mailaren arabera. Dekretua indarrean sartzen denetik, kaltetuek hiru hilabete izango dituzte laguntzak eskatu ahal izateko.

00:45
Mariano Garmendia.

Ministroen Kontseiluak talidomidaren 130 biktimentzako diru-laguntzak arautzen dituen dekretua onartu du gaur, Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuak kasuak ebaluatu ostean, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan iragarri duenez.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonei laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea da: haurdunaldian gorputz-malformazioak jasan dituztenei, sendagai honek deskribatutakoekin bateragarriak direnean; haurdunaldia Espainiako Estatuan izan bada; eta interesduna Carlos III.a Osasun Institutuak kudeatzen duen Gaixotasun Arraroetako Pazienteen Erregistroan izena emanda badago.

Laguntza ordainketa bakarrean jasoko da, desgaitasun-mailaren arabera. "Adibidez, % 33ko desgaitasuna duen pertsona batek 396.000 eurorainoko laguntza jaso ahal izango du ordainketa bakar batean", adierazi du Rodriguezek.

Horrela, dekretua indarrean sartzen denetik, kaltetuek hiru hilabete izango dituzte laguntzak eskatu ahal izateko. "Espainian 130 pertsona daude erregistratuta, eta zazpi ebazpenaren zain", gogorarazi du Espainiako Gobernuko bozeramaileak.

Errege Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik eska daitezke diru-laguntzak, eta Gizarte Eskubideen Ministerioaren mendeko Imsersok kudeatuko ditu.

Talidomida 50eko hamarkadatik aurrera merkaturatutako botika bat izan zen, haurdunaldian goragaleak eta gorakoak saihesteko emakume haurdunei agindu zitzaiena. 1961etik aurrera ezagutzera eman ziren jaiotzetik malformazio oso larriak eragin zituela. Orain arte, 24 biktimak bakarrik jaso dituzten laguntzak, 2009ko Estatuko Aurrekontu Orokorren xedapen baten arabera.