Itxi

Gizartea

Hezkuntza

Hezkuntzak 68 milioi bideratu ditu familia guztiek bermatuta izango dituzten unibertsitatez kanpoko beketara

M. D. | EITB Media

Laguntzak derrigorrezko irakaskuntzari, Batxilergoari, Lanbide Heziketari, beste ziklo batzuei eta hizkuntzei dagozkie.

  • Unibertsitatez kanpoko bekak EAEn.

    Unibertsitatez kanpoko bekak EAEn.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 68 milioi euro bideratuko ditu datorren ikasturterako unibertsitatez kanpoko ikasleentzako beka eta laguntzetara, Gobernu Kontseiluak onartu duenez. Zenbateko hori handitu daiteke, baldintzak betetzen dituzten eta laguntza eskatzen duten familia guztiek beka jasotzen dutela bermatzeko.

Eskaerak uztailaren 18tik irailaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Laguntza horiek Haur Hezkuntzari, Lehen Hezkuntzari, Bigarren Hezkuntzari eta Musika eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzei dagozkie. Kuotak, eskola materiala edota jantokia estaltzeko bideratuta daude.

Laguntza horien artean daude, halaber, derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo mailetako bekak, baina unibertsitatez kanpokoak, hala nola Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Arte plastikoetako eta Diseinuko heziketa-zikloak, Musika eta Dantzako irakaskuntza profesionalak, Kirol irakaskuntza eta hizkuntza-eskola ofizialetako ikasketak. Beken artean daude oinarrizko diru-laguntza, egoitza gastuak ordaintzeko laguntza eta eta errendimenduaren bikaintasunari lotutako osagai bat.

Hezkuntza Sailak azpimarratu duenez, beka eskatzen duten eta baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek jasoko dute dirua. "Era honetan, ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea bermatzen da", azaldu dute.

Aurreko ikasturtean, 114.165 pertsonak jaso zuten beka; guztira, 207.289 laguntza.