Gizartea
ARRAZISMOA
Irain arrazista, homofobo edo xenofoboen aurrean partida eteteko eskumena izango dute segurtasun indarrek
EITB MEDIA
Kirolari edo kirol talde batek arraza, jatorri, sexu-orientazio edo erlijioagatik irainak jasotzea nahikoa izango da partida eten edo futbol-zelaia husteko.
-
Vinicius Real Madrileko jokalaria bere taldeak Valentziaren aurka jokatu zuen partidan
Kirol ekitaldietan ematen diren irain arrazista, homofobo edo xenofoboen aurrean, partida eteteko eskumena izango dute aurrerantzean segurtasun indarrek, Barne Ministerioaren azken instrukzioaren arabera.
Ministerioak neurriak zorroztu ditu, eta aurrerantzean epaileaz gain, segurtasun arduradunek jokalari baten aurkako irainak entzunez gero, aukera izango dute partida bertan behera uzteko.
Gauza bera gertatuko da estadiotik kanpoko eraso edo umiliazioren bat gertatzen bada. Gorroto jarrera duten jarraitzaile edo peñei bidea eragozten ez dieten taldeek zigorrak jasoko dituzte.
Instrukzio berriak helburu garbia du: futbol zelaietatik eta bestelako kirol ekitaldietatik arrazakeria, homofobia eta xenofobia keinu, irain eta eraso oro desagerraztea.
Kirolari edo kirol talde batek arraza, jatorri, sexu-orientazio edo erlijioagatik irainak jasotzea nahikoa izango da erabaki horietakoren bat hartzeko, baita estadiotik kanpo gerta daitezkeen portaera xenofoboak, edota estadioetan jarritako pankarta, sinbolo eta bandera iraingarriak ere.
Azken horri lotuta, estadioaren edo ekitaldiaren antolatzaile eta arduradunei mezua helarazi diete: gorroto jarrera duten jarraitzaile, peña edo talde ultrekin permisibitate jarrera izan edo horiek identifikatzeko laguntzarik ematen ez dutenek ere zigorrak jasoko dituztela.