Itxi

Gizartea

Frantziako Tourra

Frantziako Tourrean izandako sabotaje ahaleginak ikertzen ari da Ertzaintza

EITB MEDIA

Batetik, 11 lagun ikertzen ari dira, larunbat eguerdian, Morgako gainean, txirrindulariei pasaeran bidea mozteko ahalegina egin zuten argitzeko. Gainera, igandeko eta asteleheneko etapen ibilbidean txintxetak lurrera jaurti dituzten argitzeko ikerketa abiatu dute.

  • Frantziako Tourraren bigarren etapako irudi bat

    Frantziako Tourraren bigarren etapako irudi bat. EFE

Euskal Herriko errepideetan zehar dabil egunotan Frantziako Tourra, eta itxura guztien arabera, ondo bidean. Ertzaintzak, baina, uste du lasterketa boikotatzeko ahaleginak izan direla lehen hiru etapetan.

Batetik, 11 lagun ikertzen ari da Ertzaintza, larunbat eguerdian, Morgako gainean, txirrindulariei pasaeran bidea mozteko ahalegina egin zuten argitzeko. Bizkaia 27-13 errepidean, agenteek kateak eta pankarta bat atzeman zizkieten, eta txirrindularitza-proba etetea helburu zutela iritzi diote.

Bestalde, Gasteiz eta Donostia arteko lasterketaren bigarren etapan, Hernani inguruan, hainbat txirrindulariri gurpilak zulatu zizkietela eta, Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Azkenik, astelehen honetan, Zornotza (Bizkaia) eta Baiona (Lapurdi) lotu dituen hirugarren etapan, Donostia inguruan txintxetak lurrera bota dituzten ikertzen ari dira. Ertzaintzako iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez, gaur ere "gurpilen bat" zulatu da, eta gertatutakoari buruzko informazioa biltzen ari dira.