Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

Iruñean izandako hilketa matxista gaitzetsi dute agintariek eta herritarrek

EITB MEDIA

51 urteko ustezko erasotzaileak bere burua entregatu zuen atzo Iruñeko Udaltzainaren egoitzan. Atxilotuta jarraitzen du, eta astelehenean pasako da epailearen aurretik, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Iruñeko Epaitegian.

01:07
Gaurko elkarretaratzea. Argazkia: EFE.

Larunbat honetan Ermitagañako auzoan jazotako hilketa matxista gaitzesteko eta biktimaren familiari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute igande eguerdi honetan Iruñeko Udaleko kideek, Nafarroako Gobernuak, alderdi politikoek eta herritar askok.

Elkarretaratzean kanpaiak jo dituzte, eta biktimaren familiari babesa adierazteko txaloak ere izan dira. Aiwei Huang Nafarroan bizi diren txinatarren elkarteko presidentea ere bertan izan da, eta oso hunkituta azaldu da, biktima txinatarra zelako. "Lehenengo aldia da gure artean horrelakorik gertatzen dela", esan du Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan.

"Oso triste nago, ezin sinetsita. Ezaguna zen, eta 15 urte zeramatzan Nafarroan. Lau seme-alaba ditu. Familia oso batuta dago, eta ama hil zaiela ezin sinetsita dabiltza. Gobernuak eta Udalak euren laguntza eskaini digute, eta jasotako tratuagatik oso eskertuta gaude", gaineratu du.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko jarduneko presidenteak "gaitzespen irmoa" azaldu du, eta "erakundeek aho batez egindako gaitzespena" azpimarratu du.

Bestalde, Cristina Ibarrola Iruñeko presidenteak jazoera deitoratu du: "espero dezagun berriro horrelakorik ez gertatzea. Gure baliabide guztiak eskura jarriko ditugu izatez seguru den hiri honetan emakume guztiak seguru sentitu daitezen".

51 urteko ustezko erasotzaileak bere burua entregatu zuen atzo Iruñeko Udaltzainaren egoitzan. Atxilotuta jarraitzen du, genero-indarkeria leporatuta, eta astelehenean pasako da epailearen aurretik, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Iruñeko Epaitegian. Hilketa larunbat goizean izan zen, Francisco Aleson kalean kokatutako Anayak tabernaren barnealdean. Auziaren sumarioa sekretupean dago.  

Erakundeen gaitzespen irmoa

Iruñeko Udalbatzak krimena eta emakumeenganako edozein indarkeria irmo errefusatu ditu, eta indarkeriarik gabeko bizitza librea garatzeko emakumeen eskubidearen alde lan egiteko konpromisoa berretsi du.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak babesa eskaini die biktimaren senide eta lagunei, eta Udala akusazio gisa azalduko dela aurreratu du.  

Nafarroako Gobernuak ere gogor gaitzetsi du Iruñean izandako krimen matxista eta bat egin du Iruñeko Udalak deitutako elkarretaratzearekin. Halaber, dei egiten die erakundeei, gizarte eragileei eta herritarrei bertan parte hartzeko.

Horrela, Nafarroako Gobernuak bere gaitzespena adierazi nahi die "emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen guztiei", eta "emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta erabateko herritartasunaren aurka egiten duten indarkeria mota guztiak desagerrarazteko" konpromiso irmoa hartu du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.