Itxi

Gizartea

Migrazioaren drama

Gutxienez 51 pertsona migratzaile hil dira Kanarietara bidean izandako hondoratze batean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Walking Borders elkarteak salatu duenez, hildakoen artean 11 emakumezko eta hiru haur daude. Migratzaileak zeramatzan ontzia Marokotik irten zen, eta zortzi egun eman zituzten itsasoan noraezean, hondoratu zen arte.

  • Kanarietara iritsitako migratzaileen artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA

    Kanarietara iritsitako migratzaileen artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA

Helena Maleno Walking Borders elkarteko sortzaileak eta giza eskubideen ekintzaileak larunbat honetan salatu duenez, gutxienez 51 pertsona migratzaile hil dira Kanarietara bidean izandako hondoratze batean.

Malenok Twitter bidez azaldu duenez, hildakoen artean 11 emakumezko eta hiru haur daude. Gainera, bizirik irtendako lau pertsona ospitaleratuta daude.

Migratzaileen ontzia Marokoko Tan Tan hiritik atera zen, eta zortzi egun eman zituen itsasoan noraezean, hura hondoratu zen arte. "Heriotza mugan dago erreskaterako baliabide faltagatik eta bizitza defendatzeko herrialdeen lankidetza eskasagatik", salatu du ekintzaileak aipatutako sare sozialean.