Gizartea
Sare sozialak
Egiaztatu gabeko Twitter kontuek egunean 1.000 txio bakarrik irakurri ahalko dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Egiaztatu gabeko kontu berriek, berriz, 500 txioko muga izango dute. Elon Musk Twitterreko jabearen hitzetan, "sistemaren muturreko manipulazioa eta datuen ateratzea" saihestea da neurri horren helburua.
Egiaztatutako Twitter kontuek egunean 10.000 txio gehienez jota irakurri ahalko dituzte, eta egiaztatu gabeko kontuek, berriz, 1.000 txio, Elon Musk Twitterreko jabeak iragarri duenez. Helburua da, Musken hitzetan, "sistemaren muturreko manipulazioa eta datuen ateratzea" saihestea.
Horrela jakinarazi du Teslako kontseilari ordezkariak Twitter bidez egindako argitalpen batean. Gaineratu duenez, egiaztatu gabeko erabiltzaile berriek egunean 500 txio gehienez jota ikusi ahalko dute.
Hasiera batean, muga hori 6.000, 600 eta 300 txioetan ezarri zuen Muskek, egiaztatutako, egiaztatu gabeko eta sortu berriko egiaztatu gabeko kontuetan, hurrenez hurren. Ordubete geroago, muga horiek behin-behinekoak zirela azaldu zuen enpresariak, eta 8.000, 800 eta 400 txio kopurura "laster" handituko zutela aurreratu zuen.
Urtebete da Tesla eta SpaceXeko jabeak Twitter erosi zuela eta, ordutik, gorabehera ugari izan ditu sare sozial horrek. "Tasa muga gaindituta" edo "zeozer txarto atera da, saiatu berriro" bezalako mezuak dira irakurgai Twitterreko interfazean. Erabiltzaileak azalpenen eske joan direnean, Twitterrek "kaka"ren emojiarekin erantzun die.