Itxi

Gizartea

SAN MARTZIAL

Jose Antonio Santano Irungo alkateak lehen aldiz harrera egin dio alarde parekideari

EITB MEDIA

Udaletxean alarde parekideari harrera egin ondoren esan du irundar guztien alkate dela. 13 konpainiak eta 1.000 gizon eta emakume baino gehiagok parte hartuko dute San Martzial eguneko Irungo alarde parekidean.

0:43
Santanoren harrera. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gaur San Martzial eguna da, jaietako egun handia da Irunen, eta, lehen aldiz, alkateak harrera egin dio alarde parekideari udaletxeko balkoitik eta ez, orain arte bezala, alarde tradizionalari bakarrik.

Udaletxeko balkoian, alkate sozialista ez ezik, Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariak izan dira.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Jose Antonio Santanok esan du Irun "bizikidetzaren eta errespetuaren eredu" dela gaur, bera "guztion alkate" dela, eta Udalbatzak irundar "guztiak" ordezkatzen dituela.

"Agintaldi berri bat hasten ari gara, eta nik nahi nukeen azken gauza da agintaldiaren hasiera honetan, kalean normaltasuna dagoela ikusita, urtez urte, albistea udaletxeko balkoian egotea", adierazi du.

1:41

Bere aldetik, Emakundek "positibotzat" jo du Irungo alkateak lehen aldiz alarde parekideari harrera egin izana.

Irungo alarde parekidean 13 konpainiak eta 1.000 gizon eta emakumek baino gehiagok parte hartuko dute. Goizean, 10:15ean abiatu da San Martzial plazatik eta arratsaldeko saioa 17:10ean hasiko da, Santa Elenatik.

Alarde tradizionala, berriz, 19 konpainiak osatzen dute, 6500 soldadu eta 19 kantinerarekin, eta 07:40an atera da Urdanibia plazatik.