Gizartea
TRAFIKO OPERAZIOA
Normaltasuna nagusi errepideetan, ostiral goizean
EITB MEDIA
Aurtengoan, Tourraren irteerak eragin zuzena izango du irteera operazioan, eta aparteko neurriak ezarriko ditu Trafiko Zuzendaritzak. Errepideetako zaintza bermatuta dagoela esan du Jaurlaritzak.
-
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Asteburu korapilatsua espero da EAEn trafikoari dagokionez. Gaur bertan hasiko den udako irteera operazioak eta Frantziako Tourraren 110. edizioaren hasierak bat egingo dute, eta ibilgailuen joan-etorrian eragin handia izango du. Errepide mozketa eta norabide aldaketa ugari izango da hiriburuetan eta dozenaka herritan, eta, ondorioz, errepidera irten baino lehen "bidaiak aurretik planifikatzeko eta rutometro ofiziala kontsultatzeko" eskatu du Eusko Jaurlaritzak. Ostiraleko lehen orduetan, ez da inolako gorabeherarik izan EAEko errepideetan.
Udako irteera-itzulera operazioa aurkeztu du aste honetan Sonia Diaz de Corcuera Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak. Joan-etorriak errazteko, ohiko gomendioez gain, eskari berezia egin die herritarrei: bidaiak aurretik planifika ditzatela, errepideen egoera zehatza Trafikoa, Letour eta Waze web orrietan kontsultatuz. Halaber, sare sozialetan eta 011 telefono zenbakian eguneko 24 orduotan egongo da informazioa eskuragarri.
Tourraren hasiera dela eta, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Zornotzan (irteerak/helmugak hartuko dituzten lekuak) trafiko operatibo bereziak ezarriko dira, eta, besteak beste, aireportu inguruetan ere trafiko etenak izango dira; bereziki, Loiun eta Hondarribian. Garraio publikoaren ibilbidean eta geralekuetan ere eragin zuzena izango du astebururako iragarrita dagoen operatiboak, eta hainbat lantokitarako sarrera-irteeretan ere aldaketak izango dira.
Bestalde, "Itsasarteko Operazioa" deritzonaren ondorioz, 1.950.000 ibilgailuk zeharkatuko dute EAE aurtengo udan, Portugalerako edota Afrikarako bidean, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera. Horren aurrean, "seinale bereziak" jarriko dituzte AP-1 eta N-622 errepideak (Gasteizko noranzkoan) eta N-622 eta A-1 (Burgosko noranzkoan) lotzeko.
Barruko trafikoari dagokionez, berriz, iaz baino (38.700.000) joan-etorri gehiago espero dira. Diaz de Corcueraren esanetan, "opor garaian kritikoak diren puntuetan" bereziki indartuko da segurtasun operatiboa: AP-8an, Biriatun; Armiñongo lotunean eta AP-1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.
Iazko udan errepidean izandako heriotza kopurua errepika ez dakin, zuhurtzia eskatu du Trafiko zuzendariak. 2022ko uztailean 11 pertsona hil ziren EAEko errepide sarean. Uztailaren 28tik abuztuaren 2ra espero da autoen joan-etorri gehien.
Azkenik, Trafikoko zuzendariaren arabera, 550 agente arituko dira uda honetan errepideak zaintzen. "Errepideetako segurtasuna bermatuta egongo da", azpimarratu du.