Itxi

Gizartea

Aurkezpena

Txirrindularitza zaleek harrera beroa egin diote Tourreko tropelari euripean, Bilbon

E. L. | EITB Media

Milaka jarraitzaile hurbildu dira lasterketa protagonistei ongietorria egitera. Zeremonian zehar euria egin badu ere, horrek ez ditu txirrindularitza zaleak kikildu. Txirrindulari eta talde guztiak txalo artean hartu dituzte jarraitzaileek, baina, noski, harrerarik beroena etxekoek izan dute.

0:44
Presentación de equipos

Txirrindularitza zaleen herriak harrera beroa egin dio Tourreko tropelari gaur arratsaldean, Bilbon. Guggenheim Museoaren ondoan, Abandoibarrean, taldeen aurkezpena egin dute. Milaka jarraitzaile hurbildu dira lasterketa protagonistei ongietorria egitera. Zeremonian zehar euria egin badu ere, horrek ez ditu txirrindularitza zaleak kikildu.

Txirrindulari eta talde guztiak txalo artean hartu dituzte jarraitzaileek, baina, noski, harrerarik beroena etxekoek izan dute, besteak beste, Mikel Landak, Pello Bilbaok eta Izagirre anaiek.

Euskarak eta euskal kulturak protagonismo berezia izan dute aurkezpen ekitaldian. Txirrindularietatik hasita, talde gehienak eta lasterketako protagonista gehienak txapela jantzita igo baitira eszenatokira. Aurkezpenaren ardura izan duen EITBko kazetariak, Xabier Usabiagak, euskaraz hitz egin die mundu osoko ikus-entzuleei, eta protagonista euskaldunak herriko hizkuntzan elkarrizketatu ditu. Marion Heraultek frantsesez zuzendu zaie bertaratutakoei.

Gainera, txalaparta, aurreskua, ETS, Süne, Kukai eta Neomakek euskal musikari eta kulturari lekua egin diote ekitaldian.

Aurkezleek Gino Mäder txirrindularia gogora ekarri dute, duela bi aste Suitzako Itzulian izandako eroriko baten ondorioz hil zena, eta minutu bateko isilunea egin dute haren oroimenez.

Guggenheim Museoaren ondoko agertoki handira igo den lehen taldea Bahrain Victorius izan da, Mikel Landa txirrindulari arabarra buru zuela, eta Joane Somarriba Gernikako txirrindulari ohia "ibilbideko kapitain" gisa lagun zutela.

Parte hartu duten talde guztietako gainerako txirrindulariek ere "ibilbideko kapitain" baten laguntza izan dute: Agurtzane Elorriaga, Miguel Mari Lasa, David Etxebarria, Abraham Olano, Marino Lejarreta, Iban Mayo, Roberto Laiseka, Julian Gorospe, Juan Manuel Garate, Fede Etxabe, Javier Murgialdai, Jose Nazabal, Igor Gonzalez Galdeano, Haimar Zubeldia, Amets Txurruka, Igor Anton, Iker Camaño, Unai Osa, Beñat Intxausti, Jon Unzaga eta Iñaki Gaston.

Miguel Indurainek ere parte hartu du aurkezpenean, Frantziako Tourra bost aldiz irabazi duenak, 2023ko edizioa irabazteko faboritotzat jo du Jumbo Visma taldeko Jonas Vingegaard, 2022ko Frantziako Tourreko irabazlea, "aukera gehien" dituelako. Nabarmendu duenez, Euskal Herrian zaletasun handia dago eta "Tourra etxeko atera etortzeak asko bizikletarekin probatzera animatuko ditu".

Zeremoniak une gogoangarriak utzi ditu, esaterako, Lawson Craddock estatubatuarrak euskal zaleei eskainitako irrintzia.
Bestalde, Peter Sagan TotalEnergies taldeko txirrindulari eslovakiarra taldeen aurkezpenean sartu da, agertokian zalditxoarena eginez. Jarraitzaileen harrera eskertu du.
UAE Team taldeko Emirates taldeko Tadej Pogacar esloveniarrak euskal zaleak animatu ditu agertokitik:''Aupa Bilbo, aupa Athletic, gora Euskadi''.
Ekitaldia amaitzeko, omenaldia egin zaio Txomin Perurena txirrindulari gipuzkoarrari. Joan den ekainaren 8an hil zen, 79 urte zituela.