Itxi

Gizartea

Musukoa

Ministroen Kontseiluak ez du gaur onartuko musukoa osasun-etxeetan kentzea

Agentziak | EITB Media

Jose Miñones ministroaren hitzetan, musukoaren gaia "osasun krisi baten aurrean jarduteko dekretu zabalago baten barnean dago; ongi informatu eta administrazio-izapide guztiak zuzen bete behar dira". "Ahal duten bezain azkar" onartuko dela neurria adierazi du.

  • Jose Miñones, Espainiako Osasun ministroa hedabideen aurrean. Argazkia: EFE.

    Jose Miñones, Espainiako Osasun ministroa hedabideen aurrean. Argazkia: EFE.

Osasun etxe, eritxe, farmazia eta bestelako egoitza sozio-sanitarioetan musukoa erabiltzeko agindua ez du Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur atzera botako. Hala argitu zuen Espainiako Osasun ministroak, Jose Miñonesek. Bere hitzetan, "kontua ez da musukoaren erabilpena soilik", neurri hau "osasun krisi baten aurrean jarduteko dekretu zabalago baten baitan dago" eta "ongi informatzeaz gainera, dagozkion administrazio-izapide guztiak egikaritu behar dira". "Ahal bezain azkar" egingo dela baieztatu du.

Gobernuaren eskariz, Osasunaren Lurralde Arteko Kontseiluak, joan zen ostiralean baieztatu zuen osasun etxe, erietxe, farmazia eta bestelako egoitza sozio-sanitarioetan musukoa derrigorrez erabiltzeko neurria atzera botatzea. Gaixo kritikoak dauden erietxeetako guneetan soilik izango da derrigorrezkoa. Hala ere, arnas-infekzio sintomak dudenean musukoa erabiltzeko egomendioa egin zaio biztanleria osoari.

Ministroak ere gomendio horri heldu dio bere adierazpenetan. Gobernuak "bereziki gomendatzen du" musukoa erabiltzen jarraitzea eta biztanleriari "arduratsua" izateko deia egiten dio. Unean uneko egoerarekin "sentikorrak izatekoa deia egin du, birusa oraindik presente baitago".