Itxi

Gizartea

Nafarroa

Irati ibaian desagertutako gizon baten gorpua aurkitu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

SOS Nafarroak jakitera eman duenez, gizona familiarekin joan da Irunberrira, eta ur-korronteak eraman du ibaian bainua hartzera sartu denean.

  • Irati ibaia, Irunberrin. Argazkia: Mertxe Zuloaga

    Irati ibaia, Irunberrin. Argazkia: Mertxe Zuloaga

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Uretako Erreskate Taldeko kideek 68 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute igande arratsaldean, Irati ibaian, Irunberriko arroilan.

SOS Nafarroak jakitera eman duenez, gizona familiarekin joan da Irunberrira, eta, ibaian bainua hartzera sartu denean, ur-korronteak eraman du. 16:30 aldera eman dute desagerpenaren berri, eta Suhiltzaileak, Foruzaingoa eta Ur Erreskaterako Taldea bertaratu dira. 

Uretako Erreskate Taldeko lau urpekarik miaketa lanak egin dituzte arratsaldean zehar, gizona azkenekoz ikusi duten lekutik abiatuta, arroila horretako lehen tunelaren parean, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez.

Urpekariek 19:00ak aldera aurkitu dute gorpua, ubidearen erdian, bi metroko sakoneran, bilaketa-puntutik gertu. Hildakoa 68 urteko gizon bat da, eta igande arratsaldea Irunberriko arroilan pasatzen ari zen, familiarekin batera.

Gorpua Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutura eraman dute, autopsia egitera. Foruzaingoaren Iruñeko polizia-etxeko Polizia Judizialeko Taldeak hartu du ezbeharra ikertzeko ardura.