Itxi

Gizartea

Hezkuntza

Miravalles-El Redin ikastetxeari Batxilergoko ituna kentzeko erabakia eten du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

EITB Media

Nafarroako Gobernuak hartu zuen erabakiak "kalte konponezina" eragin diezaiokeela ebatzi du auzitegiak, kautelazko ebazpenean.

  • Nafarroako Miravalles-El Redin ikastetxea. Argazkia: Miravalles-El Redin ikastetxea

    Nafarroako Miravalles-El Redin ikastetxea. Argazkia: Miravalles-El Redin ikastetxea

Miravalles-El Redin Nafarroako ikastetxeari Batxilergoan dagokion hezkuntza-ituna bertan behera uzteko erabakia geldiarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Ikastetxe horretan, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen hezkuntza-ereduari eusten diotela arrazoituta hartu zuen erabakia Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. 

Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak hartu zuen erabaki horrek ikastetxeari "kalte konponezina" eragin diezaiokeela ebatzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, asteazken honetan eman duen kautelazko ebazpenean. Epaileen arabera, hezkuntza-ituna eteteak "ondorio kualitatibo eta kuantitatibo nabarmenak" izango lituzke ikastetxe horrentzat eta bertako ikasleentzat. Hala, egoera hori konpontzea edo atzera egitea "zaila edo ezinezkoa" izango litzateke.

Epaileen arabera, administrazio-egintza gauzatzeak, hala badagokio, hezkuntza-eredu berri batera egokitzea ekarriko luke (hezkuntza mistoa): ikastetxeen eta taldeen osaera eta egitura-antolaketa berriz konfiguratzeaz gain, egoera berriari aurre egin ezin dioten ikasleak itundutako beste ikastetxe batzuetan edo ikastetxe publikoetan sartu beharko lirateke.

Epaimahaiak ebatzi duenez, bestalde, "garrantzi sozial berezia duen eremu objektibo bati (hezkuntza-eremua) dagokion auzia da, baita babes berezia eskatzen duen alor subjektibo bati (ikasle adingabeak) ere eragiten dio. Horrek guztiak kalte konponezinak edo konpontzeko zailak diren kalteak dakartza, azaldu berri dugun zentzu tekniko-juridikoan", adierazi dute epaileek, kautelazko ebazpenean.

Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuak ebazpen horren kontra helegitea jartzeko aukera du. Auzitegiak, bestalde, eskolako guraso elkarteari esan dio berme finantzario bat aurkeztu beharko duela, "hezkuntza-itunak berarekin dakarren laguntza publikoaren adinako diru kopurua modu solidarioan bermatzeko nahikoa".

Foru Gobernuak urtarrilaren 27an eman zuen Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeen hezkuntza-itunak bertan behera uzteko erabakiaren berri. Azken zentro horrek ere helegitea jarri zuen erabakiaren aurka, eta eskatutako kautelazko neurriei buruzko ebazpena datozen egunetan ezagutuko dela jakinarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Nafarroako Gobernuaren arabera, egintzak eduki ekonomiko zorrotza du, baina ezin du kalte konponezina eragin; izan ere, helegitea aintzat hartuz gero, errekurtsoa jarri zuenak dirulaguntza publikoaren zenbatekoa gehi sortutako interes eta galerak itzultzeko eska lezake.