Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Hondamendi eremu izendapena eskatzea aztertzen ari dira Zumaian, harri-erauntsiak egindako kalteengatik

EITB MEDIA

09:00etan hasi da harri-erauntsia Zumaian, eta bost minuturen buruan kalteak eta zuloak egin ditu parean aurkitu duen guztian. Bestalde, Zornotzan (Bizkaia), Murgian (Araba) eta Altzolan (Gipuzkoa) metro karratuko 12 litro bota ditu hamar minutu eskasetan.

0:40
Txingorra Elgoibarren. Iker Arostegiren bideo batetik ateratako irudia.

Zumaiako Udala (Gipuzkoa) herria hondamendi eremu izendatzea eskatzeko aukera aztertzen ari da, fenomeno natural batek kaltetu duelako.

09:00etan hasi da harri-erauntsia Zumaian, eta bost minuturen buruan kalteak eta zuloak egin ditu parean aurkitu duen guztian.

Golfeko piloten tamainako harriak gogor jo du, eta ezin konta arrasto utzi ditu ibilgailuetan, teilatu-erretenetan eta argizuloetan. Ibilgailu batzuk konpontzera eraman dituzte, eta inguruko aseguru-etxe eta karrozeriak lan handia egiteko prestatzen ari dira.

Fenomenoak hainbat zumaiar zauritu ditu, eta beirak mailatu eta apurtu ditu kalean aparkatuta zeuden autoetan. Horrez gain, erretenak eta teilatuak hondatu ditu. Udaltzaingoaren iturriek jakitera eman dutenez, harri-jasa, bospasei minutuz, "izugarria" izan da, txingor handiekin.

Duñike Agirrezabalaga Zumaiako PSE-EEko bozeramaileak ohar batean adierazi duenez, txingorrak "zauritu ugari" eragin ditu, eta horietako batzuk "osasun zentroan artatu behar izan dituzte, buruan, lepoan eta gorputz-adarretan zauriak eta kolpeak zituztelako".

"Gaur goizeko txingorra bezalako gertakari bat ez dut inoiz Zumaian bizi izan", azaldu du zinegotzi sozialistak. Agirrezabalaga Iñaki Ostolaza (EH Bildu) alkatearekin harremanetan jarri da ekaitzak eragindako "hondamenen" balantzea ezagutzeko, eta bere babesa helarazi dio udalerriak "larrialdia eremu izendatzeko", horrek "aseguruek pertsonei estaldura ematea erraztuko lukeelako".

Bestalde, Zornotzan (Bizkaia), Murgian (Araba) eta Altzolan (Gipuzkoa) metro karratuko 12 litro bota ditu hamar minutu eskasetan. Itziarren, Elgoibarren eta Mendaron (Gipuzkoa) ere txingorra bota du. Eibarren, Bilbon, Durangon eta Mañarian ere euria gogoz egin du.

Ipar Euskal Herrian, txingorra bota du gaur arratsaldean Itsasu, Ezpeleta, Kanbo eta Hazparnen (Lapurdi), bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Harri-jasak udalerri horietako eremu batzuetan ere izan du eragina.

Era berean, ekaitzek Nafarroako eremu zabalak astindu dituzte Etxlar, Lesaka, Bera eta Estellerrian.

Era berean, azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan diren prezipitazio iraunkorrek, esaterako, 28,8 litro ur utzi dituzte metro koadroko ordubetean Guardian (Araba), Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak Paganosko estazioan bildu dituen datuen arabera.

Halaber, atzo gauean 15,1 litro ur pilatu ziren metro koadroko ordubetean Navarreteko estazioan, Bernedo udalerrian (Araba).

Ez da aldaketa handirik espero datozen egunetan

Asteazkenean, giro euritsua nagusituko da, behe-hodei dezenterekin. Goizean, han-hemenka zaparrada batzuk botako ditu, batez ere isurialde atlantikoan. Arratsaldean, ekaitzak joko du eta zaparrada mardulak bota ditzake. Iparraldeko haizea nagusi, hegoaldean ekialdetik joko du tarteka. Tenperaturan, ez da gorabehera handirik izango; hegoaldeko maximoak gradu pare bat alda daitezke.

Ostegun arratsaldean, eguraldiak egonkortzera egingo du. Goizean, giroa nahiko berdintsua izango da, bereziki isurialde atlantikoan, eta zaparrada batzuk bota ditzake bertan, baina atertzera joko du eta ostarteak agertuko dira arratsaldean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute edo apur bat egingo dute gora.