Itxi

Gizartea

Nafarroa

Aranzadik Irulegiko indusketa arkeologikoa jarri du martxan

Agentziak | EITB Media

Arangurengo Irulegi mendiko Burdin Aroko herrixkan egingo dute indusketa, eraikin oso bat induskatzeko eta herri horren okupazio faseen ikerketan sakontzeko.

1:27
Indusketa lanak Irulegin. Argazkia: EFE.

Aranzadi zientzia elkarteak Arangurengo (Nafarroa) Irulegi mendiko Burdin Aroko herrixkako indusketa arkeologikoa jarri du martxan, eta eraikin oso bat induskatzea eta Irulegiko eskua agertu zen herriaren okupazio faseen ikerketan sakontzea izango dira helburu nagusiak.

Aranzaditik adierazi dutenez, Irulegiko eskua aurkitzea "mugarria" izan zen Euskal Herriko arkeologian, eta "aparteko aurkikuntza" euskararen jatorriaz gehiago jakiteko. Edonola ere, Irulegiko Burdin Aroko herrixkaren garrantzi arkeologikoa haratago doa, eta hura induskatzen jarraitzea funtsezkoa da duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko.

Bada, Irulegiko eskua bezalako piezak aurkitzeko eta herrixka hobeto ikertzeko asmoz, Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo talde bat aztarnategia induskatzen hasi da beste urtebetez. Taldea irailaren 17ra arte arituko da lanean, asteazkenetik igandera, ia 100 boluntariorekin, sei txandatan banatuta. Ikerketa proiektuak Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza du.

"2023ko kanpaina honen helburu nagusia Irulegiko herrixkaren okupazio faseak hobeto ezagutzea da, badakigulako Burdin Aroan gutxienez kronologia desberdinetako hiru herri gainjarriak daudela", adierazi du Mattin Aiestaran ikerketa zuzentzen duen Aranzadiko arkeologoak.

Aiestaranen taldeak hirugarren etxebizitza irekiko du aurten, aurreko kanpainetan hondeatutako beste bien parean dagoena. "Aztarnategiaren eremu horretan jarraitzeaz gain, aztarnategiak hartzen dituen 14 hektareetan hainbat tokitan egingo ditugu laginketak edo zundaketa arkeologikoak. Zundaketa horiek egingo ditugu, besteak beste, 1. eta 2. guneen artean egon daitezkeen lubaki edo etxebizitza aterrazatuetan, 2. gunean dauden erretako eraikin isolatuetan, eta 3. gunean laginketa egiten jarraituko dugu, non zeramikazko ezohiko biltegi bat atera den", azaldu du.