Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren 5.107 biktima daude aitortuta EAEn, eta 10etik 7k babes neurriak dituzte

E. G. | EITB Media

427 biktimak babes neurri handienak dituzte ezarrita: hala nola, bizkartzaina, kontrazaintza edota babeserako gailu teknologikoa. 78 gizonek bakarrik dute kontrol telematikorako eskumuturrekoa.

  • Biktimen % 68k dituzte babes neurriak.

    Biktimen % 68k dituzte babes neurriak. EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 5.107 emakumek salatu dute euren bikotekidea, bikotekide ohia edo gizonezko senitartekoa indarkeria matxista egotzita, eta hortaz, biktima gisa daude aitortuta, ekainera arteko datuak bilduta emandako kopuruaren arabera. Horietatik % 68k (3.502) babes neurriak dituzte. 

Datuok gaur eman dituzte jakitera EAEko Segurtasun Batzordearen bileraren ondotik. Batzordeak Bilbon egin du bilera, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa buru zirela. Segurtasun alorrean bi administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko helburua du Batzordeak, eta 2021ean bildu zen. Gaurko agerraldian Erkorekak zein Grande-Marlaskak nabarmendu dutenez, bi gobernuen asmoa da indarkeria matxistaren kontrako borrokan lankidetza indartzen jarraitzea, lehentasunezko gaitzat baitute biek. 

Izan ere, genero indarkeriaren delituak emakumeen kontra egiten diren delitu guztien % 91 dira. Dena dela, jakina da biktima askok ez dutela euren erasotzailea salatzen, beraz, datuok izozmendiaren punta baino ez dira.  

"Zifra erabat onartezinak dira euskal gizartea bezalako gizarte aurreratu eta garatu batentzat", esan du Erkorekak. Hala, iragarri du indarkeria mota horren kontrako borrokan aritzen diren Ertzaintzaren unitateak indartuko dituztela. "Jakin badakigu euren lan karga handia dela. Asmoa da artatzen dituzten emakumeen kopurua jaistea, biktimei eskaintzen zaien arreta hobea izateko", erantsi du. 

427 biktima babes neurri handienekin

5.107 biktima horietatik ia erdia (2.497) Bizkaian bizi da, ia herena (1.902) Gipuzkoan, eta gainerakoa (708) Araban. 10 biktimetatik ia 7k babes neurriren bat du ezarrita (epaitegiek erabakitzen dituzte). Oso kasu banaketan ezartzen zaizkie kontrol neurriak gizon matxistei; hala, 78 gizasemek bakarrik dute kontrol telematikorako eskumuturrekoa. 

Epaitegiak dira biktimak duen arrisku maila ezartzen dutenak, eta horren arabera, dagozkion babes neurriak jartzen ditu Ertzaintzak. Lau maila daude: oinarrizkoa, ertaina, altua eta berezia.  EAEko 42 emakumek dute babes neurri altuena: bizkartzain zerbitzua. Gehientsuenak (30) bizkaitarrak dira, sei gipuzkoarrak eta beste hainbeste arabarrak. Halaber, 187 emakumeri kontrazaintza zerbitzua ematen zaie ( % 60 Bizkaian, heren bat Gipuzkoan eta % 6 Araban). Azkenik, 198 biktimak babeserako gailu teknologikoa dute (97, Bizkaian; 52, Araban eta 49, Gipuzkoan). Ertzaintzak emakumeen sakelakoan instalatzen duen app-a da, eta larrialdi kasuetarako botoi bat du, biktimaren kokapen zehatza ematen duena. 

Babes eta kontrolerako neurriak. Grafikoa: EITB Media

Babes eta kontrolerako neurriak. Grafikoa: EITB Media

Indarkeria matxistaren beste aurpegietako baten datuak ere eman dituzte EAEko Segurtasun Batzordearen agerraldian: emakumeen sexu askatasunaren kontrako delituena, kasu honetan, 2023ko lehen hiruhileko zifrekin. Urtarriletik martxora, mota horretako 153 delitu erregistratu ziren EAEn (beste behin, kopuruak poliziaren aurrean aurkeztutako salaketei egiten die erreferentzia). Gehienak sexu erasoak izan ziren: 143. Aipagarria da, gizartean dagoen iruditeriaren kontrara, eraso gehienak (% 53) etxeetan eta inguruetan gertatzen dira; % 35 espazio publikoan, eta 10etik 1en aisialdi lokaletan. 

Grafikoa: EITB Media

Grafikoa: EITB Media

Azkenik, nabarmentzekoa da ziberdelitu sexualek azken urtean izan duten gorakada: % 108 hazi dira (25, guztira).  

Horren ildoan, Segurtasun sailburuak iragarri du "Sexu Indarkeriak Prebenitzeko Lehen Plan Estrategikoa" (2023-2027) onartu ostean,  gaur erabaki dutela Ertzaintzak plan horren jarraipen batzordea parte hartuko dutela. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.