Gizartea
GERTAKARIA
28 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon 89 urteko emakume bat hiltzea egotzita
EITB MEDIA
Ertzaintzak jakitera eman duenez, ustezko hiltzailea eta biktima senitartekoak ziren. Emakumea bart aurkitu dute etxebizitza batean hilda, labanaz egindako zauriak zituela.
28 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, 89 urteko emakume bat hiltzea leporatuta. Santutxu auzoko etxebizitza batean aurkitu dute biktimaren gorpua, ustez arma zuri batez egindako zauriak zituela.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko hiltzailea bera izan da bart kale-zaintzan zebilen Ertzaintzaren patruila bati egindakoaren berri eman diona. Berehala joan dira agenteak hark esandako etxebizitzara, eta emakumearen gorpua aurkitu dute, indarkeria zantzuak zituela. Erasoa egiteko ustez erabilitako labana ere bertan aurkitu dute. Antza, gizonezkoa eta emakumezkoa senitartekoak ziren.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Lehen zantzuak ikusita, etxeko indarkeria kasu gisa ari dira ikertzen. Biktimaren gorpua Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak Bilbon duen egoitzara eraman dute, autopsia egiteko.