Itxi

Gizartea

Trafikoa

N-633 errepidea guztiz ireki dute Derion, istripua izan eta ia 10 ordura

EITB Media

Ezbeharra N-633 errepidean gertatu da 05:00k aldera, baina auto-ilara luzeak pilatu dira Txorierriko korridorean eta inguruko hainbat errepidetan. Kamioilaria Gurutzetako Ospitalera eraman dute.

0:34
Istripua izan duen kamioia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Kamioi bat irauli egin da gaur, osteguna, N-633 errepidean, Derio parean eta aireporturako bidean, eta zortzi kilometrorainoko auto-ilarak eragin ditu bide-sarearen hainbat puntutan egunean zehar. 10:30ean, gainera, N-633 errepidea guztiz itxi dute, noranzko bietan, baina 12:30erako Bilborako noranzko errepidea ireki dute.

15:00ak jotzear zirenean, bukatutzat eman dituzte kamioia errepidetik kentzeko lanak, eta errei guztiak zabaldu dituzte.

Istripua 05:10ean gertatu da, kamioia, ezagutzen ez diren arrazoiengatik, irauli eta garraiatzen ari zen gasolioaren zati bat isuri duenean.

Isurketaren ondorioz, errepidea erabat itxi dute. Geroago, 07:00ak aldera, bi errei ireki dituzte berriro, eta bat itxita mantendu dute oraindik, bidea garbitzeko lanak amaitu arte. Hala ere, Trafikoko iturriek EITBri jakinarazi diotenez, 09:30ean trafikoa eten dute N-633 errepidean, noranzko bietan, iraulitako kamioia erretiratzeko lanak egiteko. 12:30erako, baina, Bilbora bideko errepidea lehengoratu dute.

Kamioiaren gidaria Gurutzetako Ospitalera eraman dute.

Era berean, A-8an, beste istripu bat izan da goizeko 08:50 aldera, Bilbon Irungo noranzkoan. Bi autok elkarri jo diote eta, ondorioz, errei bat itxi behar izan dute. Ezbeharra izan eta segituan, 5 kilometrorainoko auto-ilara sortu da bertan. Hala ere, dagoeneko ibilgailuak errepidetik kendu dituzte eta egoera normaltasunera bueltatu da.

Bestalde, AP-8 errepidean, Zarauzko bidesarian bost kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira goizeko 10:00ak aldera; hala ere, 11:30 alderako, normaltasuna bueltatu da inguru horretara.