Gizartea
Bizkaia
Gallartako jaietan gertatutako eraso homofoboa ikertzen ari da Ertzaintza
EITB Media
Gazteetako batek bart aurkeztu du salaketa, eraso fisikoagatik (ospitaleratu behar izan zuten). Abantoko Udalak herriko "bi gaztek jasandako eraso homofoboa" gaitzetsi eta hura salatzeko elkarretaratzea deitu zuen atzo.
-
Gallartako auzoaren ikuspegi orokorra. Argazkia: Jesus Maria Tortajada.
Bi gizonezko gaztek Abantoko (Bizkaia) Gallarta auzoan asteburuan jasandako erasoa ikertzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, gazteetako batek bart aurkeztu du salaketa, eraso fisikoagatik, eta "horren arrazoiak ikertu eta argitu behar dira orain".
Abantoko Udalak, bestalde, "herriko bi gaztek pairatutako eraso homofoboa" gaitzetsi zuen atzo Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpen instituzionalean, eta hura salatzeko elkarretaratzea deitu zuen.
Gertakariak larunbatetik igandera doan goizaldean jazo ziren, Gallartako jaietan. Antza, hainbat komunikabidek zehaztu dutenez, bikoteak irainak jasan zituen jaietako eremua uztera zihoanean, eta horietako batek ukabilkada bat jaso zuen. Kolpearen ondorioz, lurrera jausi zen, eta kolpea hartu zuen buruan.
Udalak deituta, dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin zuten atzo Abanton erasoa salatzeko. Kontzentrazioa 19:00etan egin zuten, udaletxearen kanpoaldean, "aniztasunaren jesarlekuak" (ostadarraren koloreekin daude margotuta, LGTBI+ kolektiboaren alde) ondoan zituztela.
Aurrez, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Indaz-Azi Abanto-Zierbenako independenteak eta Elkarrekin Podemos taldeek osatutakoa) erasoa gaitzesteko adierazpena onartu zuen. Testuan, gertakariak "irmo gaitzetsi" eta "biktimei eta senitartekoei babes eta elkartasun erabatekoa" adierazi zieten.
"LGTBI kolektiboaren kontrako indarkeria, bere adierazpen ezberdinetan, giza eskubideen urraketa larri eta onargaitza da, eta pertsonon duintasun eta osotasun fisikoaren kontrako atentatu larria", adierazi dute.
Udalak "arazo larri" horren kontra lanean jarraituko duela azpimarratu du, eta Abantoko bizilagunei gertakari horien aurka "zero tolerantzia" izateko deia egin die. "Gizarte moduan, irmo baina lasaitasunez egin behar diogu aurre arazo honi gure bizitzetatik errotik kentzeko", gaineratu dute.
Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak edo Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak erasoa salatu dute sare sozialetan:
¿¿ Beste eraso #LGBT+fobiko bat, oraingoan Gallartan.
— Ikoitz Arrese Otegi (@ik0itz) June 12, 2023
No vamos a aceptar actitudes de intolerancia u odio ¡Ni un paso atrás!
Elkartasuna eta babesa erasotutako gazteei. pic.twitter.com/dFXHh9XSQO
¿¿¿¿¿¿Gure babes osoa Gallartan erasotutako pertsonei.
— Ikusgune (@ikusgune) June 12, 2023
¿¿¿¿¿¿Todo nuestro apoyo a las personas agredidas en Gallarta.
Estamos asistiendo a una escalada LGTBI+fóbica, estamos altamente preocupadas por las noticias diarias de agresiones a personas LGTBI+. https://t.co/GX7woTqbrL