Gizartea
ESKOLA TXIKIEN JAIA
Gotzone Bengoetxea: "Oso esperientzia aberasgarria da eskola txikien metodologiara egokitzea"
EITB Media
Lizartzako eskolak antolatuta, Eskola Txikien Eguna ospatu dute Tolosaldeko herri horretan. Lizartza, Orexa eta Gazteluko 66 haur ari dira ikasten egun Lizartzako eskolan, 2 eta 12 urte bitartekoak.
Gotzone Bengoetxea Lizartzako eskolako zuzendariak, Gipuzkoako eskola txikiek dituzten berezitasunak nabarmendu ditu igande honetan Euskadi Irratian, Tolosaldeko eskualdean kokatuta dagoen udalerri euskaldun horretan ospatu duten Eskola Txikien Festaren harira egindako elkarrizketan.
Bengoetxeak, hasiera-ekitaldia modu ezin hobean abiatu dela nabarmendu du, "hasierako urduritasunak" alde batera utzi ondoren. Bere esanetan, "familia handi bat" osatzen dute Lizartzako eskolan lan egiten duten pertsona guztiek, eta gaurkoa oso egun garrantzitsua dela adierazi du, haientzat zein eskola txikiak dituzten beste herri guztientzat ere.
Ildo horretatik, eskola txikiek dituzten berezitasunak azpimarratu ditu Lizartzako eskolako zuzendariak, gertutasunak, inplikazioak eta konfiantzak garrantzia handia dutela nabarmenduz. Azaldu duenez, oso esperientzia aberasgarria da eskola txikien metodologiara egokitzea". Halaber, adin aniztasuna bultzatzen duten tamaina txikiko eskola publikoentzat gaurko eguna berezia dela ziurtatu du.
Lizartza, Orexa eta Gazteluko 66 haur ari dira ikasten egun Lizartzako eskolan, 2 eta 12 urte bitartekoak. Eskola txikia izanik, adin desberdineko haurrek elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute, adin aniztasuna bultzatuz. Sei taldetan banatuta ikasten dute; Haur Hezkuntzako bi talde eta Lehen Hezkuntzako lau, eta 14 irakasle arduratzen dira horien guztien hezkuntzaz.
Adin ezberdineko umeak talde berean elkartzeaz gain, proiektuen bidez lan egitea, digitalizazioa, baratze propioa edo eleaniztasun proiektua ere ditu ezaugarri eskolak.
Igande honetako egitaraua. Argazkia: Eskola Txikien Festako antolakuntza