Gizartea
Eguraldia
Beroa eta ekaitz arriskua, asteburuan nagusi lurralde osoan
EITB Media
Nafarroa erdialdean eta ekialdean, abisu horia ezarri du gaur AEMETek, 12:00etatik 22:00etara, zaparrada mardul eta trumoi arriskuagatik. Gainerakoan, bero-hodeiak garatuko dira eta arratsaldeetan zaparrada trumoitsuak bota ditzake hiru egunetan eta denean.
-
Gari-saila eta laino beltzak, gaur, Arana bailaran. Argazkia: David Aznarez.
Tenperatura beroak jarraituko du datozen egunotan eta bero horren eraginez, hodeiak ugaritu eta ekaitza leher liteke toki askotan asteburu osoan zehar.
Euskal Autonomia Erkidegoan, ostirala ostarte eta laino ilunekin esnatu da, eta zaparradak botatzen ari da han-hemenka; askorik ez, nolanahi ere. Gaur termometroak ez dira 16 gradutik jaitsiko, eta beroenak 28-30 gradutik gertu izango dira ia denean.
Arratsaldean, bero-hodeiak garatu eta zaparradak bota ditzake, trumoitsuak ere izan daitezke. Haizea hego-mendebaletik ipar-mendebaldera aldatuko da, eta zeruak argitzera egingo du.
Larunbata argi esnatuko da, goi-hodei batzuekin. Eguerdian, kostaldetik hasita, haizeak iparrera egingo du, baina barnealdean eta arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Tenperatura maximo zein minimoek behera egingo dute zertxobait.
Igandean, zerua hodeitsu egongo da goizean goizetik, eta tantaren bat bota dezake ipar partean. Arratsaldean eta bereziki barnealdean, giroa nahasi egingo da eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake; leku batzuetan, handiak izan daitezke, gainera.
Iparraldeko haize leunak beste koxkatxo bat jaitsaraziko ditu tenperaturak, eta beroenak 25 graduren bueltan izango dira.
Nafarroan, abisu horia ezarri du gaur AEMETek, 12:00etatik 22:00etara, zaparrada mardul eta trumoi arriskuagatik. Nafarroa erdialdean eta ekialdean, Pirinio inguruan, izango da arrisku handiena; toki batzuetan, 15 litro pila litezke ordubetean.
Larunbatean, ostarte eta lainoak tartekatuko dira eta euria egin dezake, goizean ipar partean eta eguerditik aurrera Nafarroa erdialdean. Tenperatura beroenak 25 eta 28 gradu artean geldituko dira.
Igandea argi samar esnatuko bada ere, eguerditik aurrera euria egiteko aukera handiagoa izango da Nafarroa osoan.
Ipar Euskal Herrian, goizak lasaiak izango dira asteburuan, eguzkitsu eta beroak. Gaur eta bihar, egunak laino eta ostarteekin igaroko dira, eta tenperatura beroenak 25 gradura iritsiko dira. Ostiralean bezala, larunbatean ere, arratsaldean, ekaitz arriskua areagotuko da, eta leku askotan zaparradak bota ditzake. Igande arratsean areagotuko da ekaitz arriskua, ekialdetik hasita, eta kostalderaino iritsiko da gauean.