Itxi

Gizartea

JUSTIZIA

'Bai bakarrik da bai' legearen bidez zigorrak murriztea babestu du Auzitegi Gorenak

EITB MEDIA

Auzitegi Gorenaren osoko bilkurak berretsi egin ditu probintzia-auzitegiek 10/2022 Lege Organikoaren erreformaren ondoren zigorrak berrikusteko dituzten irizpideak, eta jurisprudentzia ezarri du autonomia-erkidegoetako auzitegiei argitasuna emateko.

  • Neska gazte batek "Ez da abusua, bortxaketa da" dioen kartel bat erakusten du

    Neska gazte batek kartel bat erakusten du. Artxiboko argazkia: EFE

Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko Salaren Osoko Bilkurak atzera bota ditu Fiskaltzak sexu-erasotzaileei ezarritako zigorren murrizketen aurka jarritako helegiteak, Zigor Kodearen erreforma indarrean sartzearen ondoriozkoak, eta, beraz, berretsi egin ditu probintzia-auzitegiek 10/2022 Lege Organikoaren erreformaren ondoren egindako zigor-berrikuspenetan erabilitako irizpideak.

Bai Berdintasun Ministerioak bai Fiskaltzak defendatzen zuten epai irmopeko zigorrak ez zirela murriztu behar, baldin eta zigor horiek arau berriaren barruan bazeuden, baina Zigor Arloko Salak atzera bota ditu Fiskaltzaren errekurtso guztiak, kondenen gehikuntza aldarrikatzen zutenak, guraso-ahalaren, tutoretzaren eta kuradoretzaren eskubideei erantsitako zigorra izan ezik.

Jarrera horrekin, Gorenak jurisprudentzia finkatu du autonomia-erkidegoetako auzitegiei argitasuna emateko, ez baitatoz bat haien jarduteko moduarekin; izan ere, auzitegi batzuek zigorrak murriztu dituzte, baina beste batzuek, aldiz, ez.

Orain arte, legea indarrean sartu zenean irmoak ez ziren epaien aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoak baino ez zituen ebatzi Salak. Epai horietatik 28 zigor murriztea erabaki zuen eta 47 kondena mantendu zituen.

Oraingo honetan, Salak 29 kasazio-errekurtso aztertu ditu osoko bilkura monografiko horretan (7 Fiskaltzarenak eta 22 sexu-delituengatik kondenatutakoak), 10/2022 Lege Organikoa indarrean sartu zenean irmoak ziren sexu-delituen epaien probintzia-auzitegiek egindako berrikuspenen aurka aurkeztuak.

Aztertutako errekurtsoak honako probintzia-auzitegiek egindako epaien berrikuspenei dagozkie: Madril (8), Bartzelona (1), Palma (2), Bilbo (1), Soria (1), Toledo (1), Guadalajara (1), Las Palmas (3), Pontevedra (3) Coruña (1), Valentzia (3), Castello (1), Almeria (1), eta Cadiz (2).

Epaiak datozen egunetan ezagutuko dira, eta, duten interesagatik, erlaitz espezifiko batean argitaratuko dituzte Auzitegi Gorenaren webgunean, kontsultatuak izan daitezen.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera, maiatzaren 1era arte auzitegiek gutxienez 1.079 zigor murriztea erabaki dute lege berria aplikatuz, horien artean 108 kartzelatik ateratzea; hau da, Espainian berrikusitako kondenen % 30ek errudunaren zigorra murriztea dakar.