Gizartea
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Tourreko txirrindulariak igaro baino 3 ordu eta 15 minutu lehenago itxiko dituzte errepideak
O. A. | EITB Media
Lasterketak igaroko dituen errepideak 4 ordu eta 15 minutu inguru egongo dira itxita. Bestalde, Ertzaintzaren buruak ziurtatu du Tourreko segurtasuna bermatuta dagoela eta konfiantza duela ertzainen profesionaltasunean eta konpromisoan.
-
Josu Bujanda Ertzaintzaren burua
2023ko Frantziako Tourra Bilbon hasteko hilabete baino gutxiago falta denean, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak azpimarratu du txirrindulariak igaro baino 3 ordu eta 15 minutu lehenago itxiko dituztela errepideak, eta ordubete geroago zabaldu. Guztira, 4 ordu eta 15 minutu inguru egongo dira itxita. Tropela pasatu baino bi ordu lehenago, Tourreko karabana igaroko da, eta errepideak ordubete eta laurden lehenago itxiko dituzte. Hori dela eta, Tourreko webgunean ordutegiak kontsultatzeko gomendatu du.
Ertzaintzaren buruak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, Tourreko segurtasuna bermatuta dago giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez. Halaber, konfiantza osoa agertu du ertzainen profesionaltasunean eta konpromisoan.
Aste honetan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak egin bezala, hiru aholku eman ditu: uztailaren 1, 2 eta 3ko mugikortasuna planifikatzea (Bilbon ekainaren 28an hasiko dira murrizketak), errepideen inguruko informazioa kontsultatzea eta garraio publikoa erabiltzea.
Bestalde, Bujandak gogorarazi du 1992an Donostian Tourra hasi zela eta orduan ere Ertzaintzak parte hartu zuela planifikazioan eta koordinazioan. "Orduan nota ona atera genuen, eta ez daukat zalantzarik aurten ere nota ona aterako dugula", gaineratu du.