Ekonomia
EITB Data
Hamar herritarretik seik online erosketaren bat egin dute azken hiru hilabeteetan, Hego Euskal Herrian
EITB media
Nafarroa eta Euskadi ere Espainiako Estatuan online bankuaren erabiltzaile gehien dituzten bost erkidegoen artean daude, biztanleriaren % 73,2 eta % 72,2, hurrenez hurren.
-
EITB Data
16 eta 74 urte bitarteko hamar pertsonatik ia seik online erosketaren bat egin dute azken hiru hilabeteetan Nafarroan eta Euskadin, EITB Dataren arabera.
Madrilek eta Aragoik bakarrik gainditzen dute Nafarroa Internet bidez erosi duten biztanleen ehunekoan, % 62 eta % 58,4, hurrenez hurren. Foru Erkidegoa hirugarren postuan dago, herritarren % 58,1ekin; eta Euskadi bosgarren lekuan, online erosketaren bat egin duten herritarren % 56,2rekin; aurretik Katalunia dago, % 57,1ekin.
Bost erkidego horiek osatzen dute Top-5a Espainiako Estatu mailan. Kanariak, Asturias eta Galizia, aldiz, Internet bidezko erosketen sailkapenean behean daude, hainbat arrazoirengatik: zahartzea, errenta-maila, puntu fisikoetarako irisgarritasuna…
Online erosketa garatzeak ordainbide birtualen erabilera indartzen du. Txartelez gain, PayPal edo Amazon Pay motako ordainketa mekanismoak dira bide ezagunenetako bi.
EITB Data
Bestalde, Nafarroa eta Euskadi ere Espainiako Estatuan online bankuaren erabiltzaile gehien dituzten bost erkidegoen artean daude, biztanleriaren % 73,2 eta % 72,2, hurrenez hurren; soilik Balear Uharteak (% 76,2), Madril (% 76) eta Katalunia (% 74,4) daude horien gainetik.
Beraz, online bankuaren erabilera ohikoagoa da Internet bidezko erosketa baino, erabiltzen duten pertsonen ehunekoa kontuan hartuta. Hala ere, beste herrialde batzuetan, hala nola Finlandian, Danimarkan edo Herbehereetan, herritarren % 90 baino gehiago dira, eta % 85 inguru Suedian, Irlandan edo Estonian.
Online bankuak irakatsi eta/edo behartu ditu herritarrak kontuen kudeatzaile izatera (ordainketak, transferentziak, aurrezki-gordailuak…).