Gizartea
Uda
Bizkaiko hondartzen denboraldia ostegunean hasiko da
EITB Media
Aurten, berrikuntza gisa, bainu lagundua udako lau hilabeteetara eta beste bi hondartzatara zabalduko dute, Gorliz eta Bakiokoetara, hain zuzen.
-
Ereaga hondartzako artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Bizkaiko hondartzen denboraldia ostegunean hasiko da, berrikuntza garrantzitsu batekin: bainu lagunduaren zerbitzua udako lau hilabeteetan (ekainaren 1etik irailaren 30era) eta ohikoak baino bi hondartza gehiagotan eskainiko da; beraz, Arenan, Ereagan, Plentzian, Laidatxun, Isuntzan eta Arrigorrin ez ezik, Gorlizen eta Bakion ere izango da martxan.
Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak denboraldiaren aurkezpenean adierazi duenez, zerbitzua zabaltzeak mugikortasunean eta autonomia pertsonalean mugak dituzten pertsonekin hartutako "konpromisoari" erantzuten dio.
Era berean, gogorarazi du Bizkaiko hondartzen kalifikazioa 10etik 8,16 puntukoa izan zela iaz, aztertutako denboraldi guztietan altuena. Hala ere, esan du euren buruari "erronkak" ezartzen jarraitzen dutela; horregatik, "segurtasunaren aldeko apustua" egiten jarraituko dute, 168 sorosle eta hondartzain jarrita, baita hondartzak garbitzeko eta mantentzeko 101 profesional ere.
Gainera, iazko denboraldian bezala, bainu lagunduak hitzordua erreserbatzeko zerbitzua izango du, BizkaiUP foru aplikazioaren bidez; hala ere, erabiltzaileen erregistroa aurrez aurre egingo da bainurako asistentzia emateko hareatzetan prestatutako karpan. Aurreko ekitaldietan bezala, zerbitzu horrek materiala mailegatuko du, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei bainatzeko aukera errazteko.