Itxi

Gizartea

Astronomia

Su eta Gar, euskarazko izena duten lehen planeta eta izarra

EITB MEDIA

Nazioarteko Astronomia Batasunak Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren proposamena onartu du, eta historian lehen aldiz planeta batek eta bere izarrak euskarazko izena izango dute.

  • Argazkia: EITB MEDIA.

    Argazkia: EITB MEDIA.

Nazioarteko Astronomia Batasunak Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren (EHU/UPV) proposamena onartu du, eta historian lehen aldiz planeta batek eta bere izarrak euskarazko izena izango dute: Su eta Gar.

2022. urte amaieran, elkarteak 20 izar eta planeta identifikatu zituen James Webb espazio-teleskopioaren bitartez. Horiek izendatzeko, hizkuntza gutxituei lehentasuna ematea erabaki zuten, Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta.

Horrela, EHUk Gar izena proposatu zuen Gliese 486 planetarako, eta Su izena orbitatzen duen izarrari jartzeko. Proposamen horiek onartu aurretik, nazioartean balioztatu zituzten.

Itziar Garate UPV/EHUko proposamenaren bultzatzaileak azaldu duenez, planetak suarekin duen antzekotasunagatik okurritu zitzaien Su izena proposatzea, eta horrek Gar izarrarena ekarri zuen: "Izarrarentzat Gar izena aukeratu genuen, gas-bola gorri bat baita. Planetarentzat, aldiz, Su izena aukeratu dugu, suarekiko duen antzekotasunagatik".

Exoplaneta hau, Lurraren masa halako hiru du ia, Lurretik 26 argi-urtera dago. Gainera, horren gainazalak 3.000 graduko tenperatura du; hala ere, bere orbita dela-eta, 430 gradu inguruko oreka-tenperatura du.

Horren izarra, aldiz, nano gorri bat da, Eguzkia baino txikiagoa eta hotzagoa; izan ere, 3.000 gradu inguruko tenperatura du gainazalean (Eguzkiarena 5.500 gradu ingurukoa da).

"Hizkuntza gutxituen hamarkada"

Naiara Barradok, izen horiek proposatzen dituen talde zientifikoaren buruak, exoplaneta aurkitu zuten proiektuaren liderrak izena aldatzea proposatu ziela esan zuen ETBri eskainitako elkarrizketa batean. Gainera, hizkuntza txikiei garrantzia emango zietela esan zuen, honakoa "hizkuntza gutxituen hamarkada" izango baita.