Gizartea
Uholdeak
Bera, Lesaka eta Arano hondamendi eremu izendatzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak
EITB MEDIA
Gipuzkoako Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernani eta Urnietako udalek ere eskatuko diote Espainiako Gobernuari kaltetutako ingurua hondamendi eremu izendatzea.
-
Berako uholdeak, Nafarroa. Argazkia: EFE.
Larunbatean Bortzirietan eta Urumealdean izandako euri-jasek kalte handiak utzi zituzten Beran, Lesakan eta Aranon. Azken horien kontura, Nafarroako Gobernuak erabaki du "premiaz" eskatzea Espainiako Gobernuari hiru udalerriok hondamendi eremu —ofizialki, "babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu"— izendatzea.
Gainera, Estatuak Nafarroaren eskaera onartzen duenean aplikatu beharreko zerga-salbuespenak eta konpentsazioak prestatzen hasi da Foru Gobernua.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan eman du eskaeraren berri. Gogorarazi duenez, Estatuari dagokio neurriak zehaztea. Kalteei aurre egiteko dirulaguntzak dira gehienbat, partikularrei zein tokiko erakundeei zuzendutakoak.
Halaber, Lurralde Kohesiorako Departamentua foru arau bat lantzen hasi da kaltetutako udalerriak zein aplikatu beharreko zerga-salbuespenak eta konpentsazioak zehazteko. Hala, kaltetutako banako, enpresa eta erakundeei hainbat zerga salbuestea aurreikusi dute: lurraren gaineko kontribuzioa, ekonomia-jardueren gaineko zerga edo eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, besteak beste. Aseguru-etxeen polizek aitortutako konpentsazioekin bateragarriak dira laguntzok.
Bitartean, larunbatean izandako uholdeen ondotik, Bera, Lesaka eta Arano bere onera etortzen ari dira.
Gipuzkoako uholdeak
Bestalde, Gipuzkoako hainbat herrik ere bat egin dute hondamendi eremu izendatzeko eskaerarekin, larunbateko euri-jasen ondorioengatik. Hain zuzen ere, Ereñotzuko Auzo Udala eta Hernani eta Urnietako udalak izan dira Espainiako Gobernuari eskaera egiteko prest agertu direnak.
Horrekin batera, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuari bilera eskatu diote, Espainiako Gobernuari elkarrekin egiteko eskaria.