Gizartea
UHOLDEAK
Ereñotzu, Hernani eta Urnieta hondamendi eremu izendatzeko eskatuko diote hiru udalek Espainiako Gobernuari
AGENTZIAK | EITB Media
Gainera, bilera eskatu diote Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatuari, gaiari elkarrekin heltzeko.
-
Larunbateko euriteek Ereñotzun kaltetutako errepidea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Larunbateko euriteei lotuta, Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak eta Urnietakoak ingurua hondamendi eremu izendatzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari. Gainera, bilera eskatu diote Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatuari, gaiari elkarrekin heltzeko.
Ohar batean nabarmendu dutenez, maiatzaren 19tik 20rako gauean euri jasa handiak izan ziren Urumea ibaiaren arroan, eta kalteak izan ziren Nafarroako eta Gipuzkoako aldean.
Ereñotzu eta Pagoaga inguruan, esaterako, euriak kalte larriak eragin zituen errepideetan, mendi bideetan eta baserrietan.
Hori guztia dela eta, Unai Erroitzenea Ereñotzuko auzo alkateak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Jorge Segurado Urnietako alkateak hondamendi eremu izendatzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari.
Bestalde, Nafarroari dagokionez, Bera, Lesaka eta Arano hondamendi eremu izendatzeko eskaria onartuko du gaur Nafarroako Gobernuak.