Gizartea
EGURALDIA
Alerta horian dago Nafarroa, ekaitz eta euri arriskuagatik
EITB MEDIA
Lurralde osoan dago aurreikusita euria. Halere, badirudi, iparraldean, larunbatean uholdeek kaltetutako eremuan, euri-jasak ez direla hain indartsuak izango.
-
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Alerta horian dago Nafarroako Foru Erkidegoa gaur. Estatuko Metereologia Agentziak (AEMET) alerta ezarri du, ekaitz eta euri arriskuagatik. Bereziki, Erribera inguruan botako du euria; ordubetean metro karratuko 40 litro botatzea espero da, goiz eta eguerdi partean.
AEMETen arabera, egun osoan botako ditu zaparradak, eta arratsaldetik aurrera ekaitzak izango dira protagonista hainbat lekutan.
Halere, badirudi iparraldean, asteburuan uholdeek kaltetutako erremuan, euriteak apalagoak izango direla. Hori bai, ezegonkortasuna izango da nagusi, eta, tarteka, ekaitzak joko du.
Azken urteotako eurite handienak izan ziren larunbat goizaldean Bera, Lesaka eta Arano aldean. AEMETen hitzetan, "muturreko fenomenoa" izan zen inguru horretan bota zuen prezipitazio bortitza. Azken urteotako markak hautsi ziren pilatutako litro kopuruari dagokionez. 4 eta 5 milioi euro arteko kalte materialak eragin zituzten uholdeek.