Itxi

Gizartea

UHOLDEAK NAfarroan

Uholdeek 4 milioi euro baino gehiagoko kalteak egin dituzte Nafarroan

EITB MEDIA

Orain arte bildutako datuen arabera, hauek kaltetu dira: 185 etxebizitza, 95 ibilgailu, 55 establezimendu eta 5 azpiegitura.

1:20
Uholdeak Beran, Nafarroan. EITB MEDIAko bideo batetik hartutako irudia.

Asteburuan Beran, Lesakan eta Aranon (Nafarroa) jazotako uholdeek 4 eta 5 milioi euro arteko kalte materialak eragin dituzte, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren lehen kalkuluen arabera.

Hain zuzen ere, kaltedunak 340-400 dira. Orain arte bildutako datuen arabera, hauek kaltetu dira: 185 etxebizitza, 95 ibilgailu, 55 establezimendu eta 5 azpiegitura.

Bien bitartean, herriak bere onera etortzen ari dira. Azken orduotan izandako batzarretan, kaltetutako udaletako ordezkariek eta Foru Gobernuak adostu dute inguru hori hondamendi eremu izendatzeko eskaria egitea Espainiako Gobernuari. Hala jakinarazi du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak, eta erantsi du asteazkeneko gobernu bileran onartuko dutela eskari hori egitea. 

Aitor Elexpuru Berako alkateak larunbatean bertan iragarri zuen hondamendi eremu izendatzeko eskatuko dutela. Kalteak zenbatekoak izan diren zehazteko oraindik goiz den arren, "kalteak izugarriak" izan direla esan du gaur Elexpuruk, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. 

Nafarroako Gobernuko ordezkariekin harremanetan jarri direla, eta horiek dirulaguntzak bideratzeko "jarrera ona" erakutsi dietela aurreratu du alkateak. Herritarrek azken egunotan auzolanean egindako lanagatik, berriz, eskertuta eta harro agertu da.

Berako Udalak prestatu duen koordinazio gunera etengabe ari dira bizilagunak hurbiltzen, kalteen berri ematera. Oraingoz, bi laguntza-lerro aurreikusi ditu Udalak. Batetik, Nafarroako Gobernuak zuzenean eman ditzakeenak, eta, bestetik, hondamendi eremu izendatuz gero, Madrildik iritsiko liratekeenak. Udal ordezkariak bilduta egon dira goizean, teknikariekin batera, laguntzok bideratzeko txostenak prestatzen.

Bestalde, Aranoko errepideei dagokienez, luiziek eragindako kalteak konpontzeko denbora eta diru asko beharko direla esan dute bertako agintariek. Herritarren joan-etorria bermatzeko behin-behineko pasabideak ahalbidetu badituzte ere, errepide nagusia konpontzeko hilabeteak beharko dira. Laguntza-eskaerak bideratzen ari dira horiek ere. 

Azken urteotako eurite handienak izan ziren larunbatean Nafarroako iparraldean, Bera, Lesaka eta Arano aldean bereziki. AEMETen hitzetan, "muturreko fenomenoa" izan zen inguru horretan botatako prezipitazio bortitza. Azken urteotako markak hautsi ziren pilatutako litro kopuruari dagokionez.