Itxi

Gizartea

Larrialdiak

Hondamendi eremua: Zer da? Zertan eragiten die kaltedunei?

EITB Media

Nafarroako iparraldeko hainbat herri hondamendi eremu izendatu ditzakete asteburuan izan diren uholdeen ondoren. Espainiako Gobernuak dauka izendapen hori egiteko eta dirulaguntzak emateko eskumena, baina eskaria horren beharra duten administrazioek eskatu behar dute, udalek adibidez.

  • Hondamendi eremua izendatzeko pausoak. Argazkia: EITB Media.

    Hondamendi eremua izendatzeko pausoak. Argazkia: EITB Media.

Asteburuan izan dituzten uholdeen ondoren, Berako alkateak dagoeneko jakinarazi du herria hondamendi eremu izenda dezatela eskatuko duela. Zer pauso jarraitu behar ditu? Nori egin behar dio eskakizuna? Nola eragiten die horrek kaltedunei?

Estatuko Babes Zibila arautzen duen uztailaren 9ko 17/2015 Legearen arabera, Espainiako Gobernuak soilik dauka lurralde bat edo inguru bat hondamendi eremu izendatzeko eskumena. Zehazki, Ministroen Kontseiluak onartzen du izendapena, Presidentziako, Segurtasuneko edo Ogasuneko ministroak proposatu ondoren.   

Nork egin behar du eskakizuna?

Eskaera interesa duen edozein administraziok egin dezake. Kasu honetan, Berako Udala izan daiteke Espainiako Gobernuari eskakizuna egin diezaiokeena. Legeak zehazten du berreskuratze-fasean egin beharra daukala, alegia, larrialdiaren aurrean derrigorrezkoak diren lehen neurriak hartu ondoren.

Eskakizuna egiteko, gertakizunaren eta utzi dituen ondorioen gaineko informazioa eman beharko du, eta, besteak beste, meteorologia-txostenak ere aurkeztu ditzake.

Horrez gainera, beharrezkoa irudituko balitzaio, Espainiako Gobernuak eremua dagoen autonomia erkidegoko gobernuari, kasu honetan Nafarroako Gobernuari, informazio gehiago eska liezaioke.

Zer hartzen dute kontuan izendapena onartzeko?

Izendapena eman ala ez erabakitzeko, hurrengo alderdiak hartu beharko dituzte kontuan teknikariek:

-          Kalte pertsonalak

-          Kalteak etxebizitzetan eta tresnerian

-          Kalteak merkataritza-gune eta enpresetan

-          Kalteak nekazaritzan, abeltzaintzan eta baso-esplotazioetan

-          Kalteak azpiegitura publikoetan eta errepideetan

-          Neurri fiskalak edo lan arlokoak hartzeko beharra

-          Udalak lehenbailehen egin beharreko ekintzen beharra

Informazio hori guztia eman behar duten txostenetan, neurri bakoitzaren kostu ekonomikoaren lehen aurreikuspen bat ere sartu behar dute.

Nola eragingo die kaltetuei?

174/2015 Legeak Gobernuak emango dituen dirulaguntzak eta har ditzakeen neurriak zeintzuk izango diren ere zehazten du. Hala ere, oso argi uzten du ez direla kalte-ordainak, normaltasuna berreskuratzeko ematen diren laguntzak baizik. Hauek dira Gobernuak ezar ditzakeenak:

-          Kalte pertsonalen ondorengo dirulaguntzak

-          Etxebizitzan izandako kalteei aurre egiteko dirulaguntzak

-          Gerorako utzi ezin diren ekintzak egiteko dirulaguntzak udalei

-          Industria, komertzio edo zerbitzuen arloko enpresei laguntzak

-          Udal azpiegiturak edo errepideak konpontzeko laguntzak

-          Nekazaritzan, abeltzaintzan edo basogintzan izandako kalteak konpontzeko laguntzak

-          ICOren bidez mailegu-lineak zabaltzea

-          Neurri fiskalak

-          Gizarte Segurantzaren edo lan-kontuen inguruko bestelako neurriak

Espainiako Gobernutik dirulaguntza eta neurri hauek etor badaitezke ere, adituek norbanako eta enpresei gomendatzen diete ez itxaroteko izendapena izan arte. Norberaren aseguru-etxeekin edota aseguruen partzuergoarekin beharrezko izapideak lehenbailehen hasteko gomendatzen dute.